Irungo Udala pauso sendoak ematen ari da adin guztientzako hiri inklusibo eta irisgarriagoa eraikitzeko bidean. Datorren ekainaren 11n, asteazkenez, Luis Marianoko Gizarte Zentroan, 09:30etik aurrera, herritar guztientzako saio irekia egingo da, 2023an egindako diagnostikoa eguneratzeko eta berrikusteko asmoz, Irun Lagunkoia programaren baitan.
Ekimen hau adineko pertsonei bereziki zuzenduta dago, eta haien parte-hartzea giltzarri izango da Udala sustatzen ari den prozesu parte-hartzaile honetan. Lan teknikoa Matia Gerontologia Institutua ari da bideratzen.
Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak adierazi zuenez, Irun Lagunkoiaren helburua da “auzo eta komunitate irisgarriago eta inklusiboagoak eraikitzea, herritarren –eta bereziki adinekoen– parte-hartze aktiboaren bidez”.
Ostiral honetan egindako aurkezpenaren harira, bertan izan ziren Cristina Laborda alkatea, Gizarte Ongizateko zuzendari Mila Holgado, eta Matiako ordezkariak, Ainara Tomasena eta Andrea Pozo.
Irun 2016tik dago Hiri eta Komunitate Lagunkoien Sarean eta ordutik aurrera urrats garrantzitsuak eman ditu. Orain, iaz egindako diagnostikoaren eguneratze fasean murgilduta dago, eta horren ondoren, talde eragilea sortuko da eta Ekintza Plana diseinatuko da, 2025eko irailetik 2026ko apirilera bitartean.
Tomasenak nabarmendu zuenez, “herritarren eta ordezkari politikoen parte-hartzearekin soilik lortuko dugu egungo errealitateari erantzuten dion plan lagunkoia”. Andrea Pozok, berriz, prozesuaren alderdi teknikoak azaldu zituen, eta bi une garrantzitsu azpimarratu: lagunkortasunaren diagnostikoa berrikustea eta Ekintza Plana diseinatzea.
Ekainaren 11ko saioaren ondoren, talde eragilea eratuko da, eta horrek izango du saioan jasotako ekarpenak aztertzeko eta ekintza-plana lantzeko ardura. Taldea, nagusiki, prozesuarekin jada familiarizatutako adinekoek eta ordezkari politikek osatuko dute, nahiz eta Udalak ateak irekita uzten dizkien adin txikiagoko baina interesa duten pertsonei ere.
“Bultzada erabakigarria”
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, fase berri honek izan behar du “programari behin betiko bultzada emateko unea”, eta azpimarratu zuen adinekoen parte-hartzea funtsezkoa izango dela. Mila Holgadok, berriz, azpimarratu zuen Irun Lagunkoia programaren ikuspegi zeharkakoa eta herriko ehun sozial eta elkarteen ekarpen baliotsua, hala nola emakumeen elkarte feministena edota auzo elkarteena.