- 4.178 langabe gehiago daude uztailarekin alderatuta, baina 2.194 gutxiago iazko abuztuarekin alderatuta
- 45.913 kontratu berri sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 9.539 kontratu mugagabeak izan dira (% 20,8)
Abuztuko enplegu-datuek erakusten dutenez, urtaroaren araberako ohiko gorakada izan du hilabete honetan, baina Euskadiko lan-merkatuaren urte arteko joera positiboari eutsi zaio.
Zehazki, 4.178 langabe gehiago erregistratu dira uztailarekin alderatuta (+% 3,98), guztira 109.169 lan-eskatzaile erregistratu baitira Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan.
Urte arteko datuei erreparatuz gero, 2.194 langabe gutxiago zenbatu dira, hau da, % 1,97 egin du behera aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Beherakada bereziki nabarmena izan da emakumeen artean, % 2,05eko jaitsierarekin, eta honek agerian uzten du langabezian dauden genero-arrakalak murrizten ari direla.
Beste alderdi aipagarri bat iraupen luzeko langabeziaren hobekuntza da, 2024ko abuztuarekin alderatuta 1.165 pertsona gutxiago (-% 2,18). Datu horrek garrantzi berezia du, agerian uzten baitu tradizionalki ahulenak izan diren kolektiboak pixkanaka berreskuratzen ari direla enplegua lortzeko, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak kontratazioa bultzatzeko abian jarritako neurriak eraginkorrak direla. Hileko bilakaerari dagokionez, abuztuan gora egin du iraupen laburreko langabeen kopuruak (%7,93), eta iraupen luzeko langabeziak egonkor iraun du.
Jardueraren arabera, hileko datuei erreparatuz gero, langabeen kopuruaren beherakadarik handiena aurreko enplegurik ez zutenen artean gertatu da (-403); hazkunderik handiena, berriz, Hezkuntzan gertatu da (+2.142), udako oporretan ohikoa den egoera puntuala baita hori.
Bestalde, gaur egungo nazioarteko testuinguruak, ziurgabetasunak markatua, ez du laguntzen zenbait industria-sektore suspertzen, bereziki metalurgia, urte arteko langabezia-igoera izan baitu (+% 13,6). Hori dela eta, sail hau industriaren bilakaeraren zain egongo da.
Ostalaritzak, berriz, joera aldaketari eusten dio: sektore horretako kontratazioaren igoera ekainera aurreratu zen eta abuztuan jarduerarik gabeko aldian dauden pertsona finko etenen kopurua igo egin dela antzeman da (658). Hala ere, sektoreak pisu nabarmena du kontratu mugagabeetan (% 37,1).
Kontratuak eta Gizarte Segurantza
Abuztuan 45.913 kontratu sinatu ziren, duela urtebete baino % 4,3 gutxiago. Horietatik 9.539 mugagabeak izan ziren (% 20,8), eta horrek % 20tik gorako zifra kontsolidatzen du, lan-erreformaz geroztik egonkor mantentzen dena.
Nabarmentzekoa da lanaldi partzialeko kontratu mugagabeek izan duten gorakada, neurri batean emakumeek kontratazio mota honetan pisu handiagoa izan dutelako: emakume langileen % 46k kontratu partzialak lortu zituzten, eta gizonen artean % 26,6koa izan da. Emakumeen kolektiboak funtsezko zeregina du Euskadiko enpleguaren bilakaeran, batez ere 30 urtetik gorako adin-tarteetan, urte arteko saldo positiboak erakusten baitituzte.
Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, Euskadin 1.006.795 kotizatzaile daude, uztailean baino 16.505 pertsona gutxiago. Urte arteko datuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko afiliazioa 9.724 langiletan igo da 2024ko abuztuaren aldean, % 0,98 gehiago.
Ondorioz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailetik datu hauek zuhurtziaz baloratzen ditugu eta bilakaera perspektibaz aztertzearen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Abuztuan langabeziak gora egin duen arren, urte arteko hobekuntzak eta kontratazio mugagabearen kalitateak erakusten dute euskal lan merkatuak aurrera jarraitzen duela.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak enpleguaren kalitatea hobetzeko eta langileen babesa indartzeko neurriak bultzatzen jarraituko du, Enpleguaren Euskal Legea eta Enpleguaren Euskal Estrategia 2030 erreferentzia-esparrutzat hartuta. Lan merkatua ikuspegi inklusibo, jasangarri eta berritzaile batetik eraldatzeko gure bide orria izaten jarraituko dute. Bi ekimen horiek indartu egiten dute kalitateko enplegua sortzen duen, desberdintasunak murrizten dituen eta pertsonak politika publikoen erdigunean jartzen dituen Euskadirekiko konpromisoa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)