2025-2026 ikasturtean euskara ikastea doakoa izango da oinarrizko A2 mailan (Gobernu Kontseilua 2025-09-02)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg
  • Aurreko ikasturteetan martxan jarritako doakotasun politikei jarraipena emango dio Jaurlaritzak 2025-2026 ikasturtean eta, horretarako, 4,86 milioi euro bideratuko ditu, iaz baino %52,9 euro gehiago
  • Ikasturte berri honetan oinarrizko A1-A2 mailetako ikasleek nahiz C1 mailan komunikazio-gaitasuna hobetu nahi duten 16-18 urte bitarteko gazteek, ikasturteko matrikula doakoa izango dute

Eusko Jaurlaritzak urratsak ematen jarraitzen du euskara ikastea errazagoa eta doakoa izateko. Hala, Gobernu Kontseiluak 2025-2026 ikasturtean A1-A2 oinarrizko mailetan euskara ikasten duten ikasleei eta C1 mailan komunikazio-gaitasuna hobetu nahi duten 16-18 urte bitarteko gazteei dirulaguntza emateko deialdia onartu du.

Lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, azaldu duenez Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan, “erabaki honek aurreko ikasturteetan martxan jarritako doakotasun politikei jarraipena ematen die eta, berrikuntza modura, A2 maila txertatzen du doakotasun-programan. Guztira, 4,86 milioi euro bideratuko dira 2025-2026 ikasturtean euskara ikasteko matrikula doakoa izan dadin aipatutako maila horietan; iazko aurrekontuarekin alderatuta, %52,9ko igoera izango da ikasturte berrian.

Era berean, Bengoetxeak adierazi du doakotasun-programaren helburu nagusia euskara ikastea “errazagoa eta guztientzat eskuragarria” izatea dela: “Gobernuarentzat euskara ikastea estrategikoa da, euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko. Horregatik, euskara ikasteko bideak bermatzen, zabaltzen eta laguntzen jarraituko dugu”.

Lehendakariordeak azpimarratu duenez, oinarrizko mailatan (A1-A2), euskara ezagutzen ez duten pertsonak gerturatu nahi ditu Gobernuak euskaltegietara, “eurak direlako euskararen harrobia”: “Doakotasun programari esker, iazko ikasturtearekin alderatuta, aurtengo ikasturtean A1 mailako ikasle kopurua %30 igo da. Bestalde, C1 mailan, euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzeko eta sendotzeko helburua duten 16-18 urte bitarteko gazteak ere laguntzen jarraitu nahi dugu, unibertsitateko ikasketetara edota lan mundura salto egin aurretik”.

Hala, 2025/26 ikasturtean euskara ikasteko doakotasun programa maila hauetan eskainiko da:

  • A1 eta A2 mailak: ikastaroa doakoa izango da eta ikasleak ikasturte hasieran matrikularen zati txiki bat soilik ordainduko du, maila egiaztatzerakoan berreskuratzeko aukerarekin.
  • C1 maila: 16-18 urte bitarteko gazteen euskarazko komunikazio-gaitasuna hobetzeko ikastaroa doan. Ikasleak ikasturte hasieran matrikularen zati txiki bat soilik ordainduko du , maila egiaztatzerakoan berreskuratzeko aukerarekin.

Gainerako mailetako euskaltegietako ikasleek aukera izango dute matrikularen doakotasunerako ohiko dirulaguntza-lerroetan parte hartzeko:

  • B1 eta B2 mailetan, maila euskaltegietan lortzen badu edo azterketa batean egiaztatzen badu. Hau da, ikasleak ikastaroa ordainduko du hasieran eta euskaltegiko ebaluazioa gaindituz gero edota egiaztatze-azterketa, hasieran ordaindutakoa bueltatu egiten zaio ikastaroaren amaieran.
  • C1 maila 16 eta 30 urte bitartekoen kasuan, betiere maila egiaztatzen bada. Ikasleak ikastaroa ordainduko du hasieran eta egiaztatze-azterketa gaindituz gero, hasieran ordaindutakoa bueltatu egiten zaio ikastaroaren amaieran.
  • C1 mailan 30 urtetik gora eta C2 mailan: maila egiaztatzen bada, ikastaroaren zati bat diruz laguntzen da.

Gobernuaren konpromisoa: euskarazko ikastaroen doakotasuna

Azken bi ikasturteetan hartutako erabakiei jarraipena ematen dio Gobernu Kontseiluak ikasturte berrirako onartutako deialdiak. Izan ere, hori da Gobernuaren konpromisoa: euskara ikasteko doakotasunaren bidean pausoak ematen jarraitzea.

Alde batetik, 2023-2024 ikasturtean Gobernuak erabaki zuen 16-18 urte bitarteko gazteetan, C1 mailan, euskarazko komunikazio-gaitasun maila hobetu nahi zuten ikasleen matrikula doakoa izatea. Erabaki hau azken bi ikasturteetan berretsi da. Hala, ikasleen matrikula merke bat ordaintzen dute ikasturte hasieran eta, maila egiaztatu ondoren, ordaindutakoa berreskuratzen dute. Helburua da goi-mailako prestakuntza profesionala edo unibertsitatekoa hasterakoan, edo lan merkatuan sartzerakoan, euskarazko komunikazio maila egokia izatea euskararen erabilera areagotzeko.

Beste alde batetik, 2024-2025 ikasturtean hasierako A1 maila doakotasun – programara batzea erabaki zuen Gobernuak. Izan ere, datuen arabera, euskaltegietako ikasleen %10 inguru kanpotik etorritakoak dira eta %12 beste autonomia erkidegoetatik etorritakoak. Euskara ezagutzen ez duten gizarte-talde hauek euskaltegietako harrobia direla ikusi zen eta horiek euskarara gerturatzea beharrezkoa zela, euskararen erabileran jauzia emateko.

Hala, hartu berri den erabakiari esker, A1 mailako ikasleentzat ikasturte berri honetan matrikulak doakoa izaten jarraituko du eta, gainera, A2 mailara zabalduko da. Modu honetan, iaz A1 mailan euskara doan ikasi zuten ikasleek jarraipena izango dute doakotasunean eta A2 mailan ere euskara doan ikasteko aukera izango dute.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)