2023an ospitale-alta guztien % 6 baino ez zegozkien 15-29 urteko gazteei

Argitalpen-data: 

Emakume gazteak ospitaleratzeko lehenengo arrazoia haurdunaldiak, erditzeak eta erdiberriaroak izan ziren; gizon gazteen artean, lesioak eta kanpoko arrazoien beste ondorio batzuk

Buru- eta portaera-nahasmenduak izan ziren ospitaleratzeko bosgarren diagnostiko nagusiena gazteen artean

Jarraian aurkeztuko diren datuak EUSTATen Ospitaleetako erikortasun-estatistikatik datoz. EUSTATek 15 eta 29 urte bitarteko gazteei buruzko informazioa eman dio Gazteen Euskal Behatokiari.

Ospitaleetako erikortasun-estatistikan Euskadiko ospitaleetako ospitaleratzeen zifrak (absolutuak) jasotzen dira. Ospitaleratzeei buruz hitz egitean, alta eman zaien pazienteak zenbatzen dira, eta, nazioarteko konparagarritasun-arrazoiengatik, ospitaleratze-modalitatean egun bateko edo gehiagoko egonaldia duten ospitaleratzeak soilik hartzen dira kontuan.

Ospitaleetako erikortasun-estatistikak 21 diagnostiko-talde handitan sailkatzen ditu ospitaleratzeak, eta talde horiek, ondoren, hainbat motatan banatzen dira.

Diagnostiko-talde handi horien arabera, 2023an (eskuragarri dauden azken datuak urte horretakoak baitira) alta eman zieten pertsonen ehunekoa kalkulatzen badugu, ikusiko dugu Euskadiko biztanleria osoan ohikoenak hauexek direla: digestio-aparatuaren gaixotasunek eragindako ospitaleratzeak (urte horretan izandako ospitale-alta guztien % 12,8 ziren), zirkulazio-sistemako gaixotasunek eragindakoak (% 12,4 ) eta arnas aparatuko gaixotasunek eragindakoak (% 12,3). Gazteen artean, aldiz, ohikoagoak dira haurduntzak, erditzeak eta erdiberriaroak eragindako ospitaleratzeak (urte horretako gazteen ospitale-alta guztien % 20,3 izan ziren, nahiz eta arrazoi horiek bakarrik emakumeei eragiten dieten), bai eta lesioek, pozoidurek eta kanpo-kausengatiko beste ondorio batzuek eragindakoak ere (% 14,6).

Buru-nahasmenduak eta portaera-nahasmenduak Euskadiko biztanleria osoak izandako ospitaleratze guztien % 3,0ren arrazoi nagusia izan ziren. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, ospitale-alta guztien % 9,6 izan ziren, hau da, hamarretik bat.

                                                    

Zehazki, diagnostiko-talde handi bakoitzeko 2023an alta eman zaien gazteei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu sexuaren araberako aldeak oso nabarmenak direla.

Oro har, 15-29 urteko emakumeek ospitaleko alta kopuru handiagoak dituzte beren adineko gizonek baino, batez ere haurdunaldiagatiko, erditzeagatiko eta erdiberriaroarengatiko ospitaleratzeengatik, horiek baitira, alde handiarekin gainera, emakume gazteen ospitalizazio-kausa nagusia (emakume gazteen ospitale-alta guztien % 35,6 ziren 2023an).

Kausa hori ezabatzen badugu, gizonen artean ezinezkoa delako, ikus dezakegu emakume gazteen artean, ospitalizazioaren lehen kausa digestio-aparatuko gaixotasunak izango liratekeela (774 ospitale-alta); bigarrenik, aparatu genitourinarioko gaixotasunak (735 alta), eta hirugarrenik, antzeko kopuruekin, arnas aparatuko gaixotasunak eta buru-nahasmenduak eta portaera-nahasmenduak (687 eta 681 alta, hurrenez hurren).

Gizon gazteen artean, ospitaleratzeko lehen arrazoia 2023an, aurreko urteetan bezala, traumatismoak, pozoitzeak eta kanpoko kausen beste ondorio batzuk izan ziren (1.550 ospitale-alta, gizon gazteen alta guztien % 24,0). Bigarren kausa arnas aparatuko gaixotasunak ziren (893 alta) eta hirugarrena digestio-aparatuko gaixotasunak (801). Laugarren tokian aparatu muskulueskeletikoaren eta ehun konektiboaren gaixotasunak zeuden (786 alta), eta bosgarrenean buruko eta portaera-nahasmenduak (761 ospitale-alta).

Oro har, gizon gazteek emakume gazteek baino zifra altuagoak dituzte lesioengatik, pozoidurengatik eta kanpoko kausen beste ondorio batzuengatik, bai eta muskulu-eskeletoaren aparatuko eta ehun konektiboko gaixotasunengatik ere ospitaleratu behar izan direnen kopuruak begiratzen ditugunean. Zirkulazio-aparatuko gaixotasunengatiko ospitaleratutako gizon gazteen kopuruak ere bikoiztu egiten du emakume gazteen artean izandakoa. Aitzitik, emakumeek ospitale-alten zifra absolutu handiagoak dituzte aparatu genito-urinarioko gaixotasunengatik, neoplasiengatik, gaixotasun endokrinoengatik, nutrizionalengatik eta metabolikoengatik ospitaleratu ondoren, baita osasun-egoeran eragina duten faktoreengatik eta osasun-zerbitzuekin harremanetan jartzeagatik (proba medikoak, tratamenduak, etab.) ere.

                                                     

Jarraian, arreta osoa buru-nahasmenduetan eta portaera-nahasmenduetan jarriko dugu. 2023an gizonek emakumeek baino ospitaleratze-zifra altuagoak zituzten arrazoi horrengatik (761 eta 681 ospitale-alta, hurrenez hurren).

2021ean izan ezik, 2017-2023  aldian buru- edo portaera-nahasmenduengatik ospitaleratu dituzten gizon gazteak gehiago izan dira emakume gazteak baino.

               Aurreko hilabetean entretenitzeko libururen bat irakurri dutela dioten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoaren bilakaera, sexuaren arabera (%).

Gizon gazteek emakumeek baino zifra handiagoak badituzte ere, hori ezin da zabaldu bost urteko adin-talde guztietara. 15-19 urteko taldean, buru- eta portaera-nahasmenduen ondorioz ospitaleratu dituzten emakumeen kopurua adin horretako gizonena baino handiagoa da (313 eta 156 alta, hurrenez hurren).

Zehatzago esanda, 2023an buruko eta portaerako nahasmenduak izan ziren 15 eta 19 urte bitarteko emakumeak ospitaleratzeko arrazoi nagusia, beste diagnostiko batzuen aurretik.

                                                      

Izan ere, 2020tik aurrera, buruko nahasmenduak eta portaera-nahasmenduak dira ospitaleratzeko lehen arrazoia 20 urtetik beherako emakumeen artean, eta 2021etik aurrera zifra absolutuak 300 kasutik gorakoak dira, nahiz eta 2021etik 2023ra beheranzko joera ikusten den.

Gainera, 2023an, buruko edo portaerako nahasmenduengatiko 15-19 urteko emakumeen ospitaleratzeen zifrak (313 kasu), 20-24 urteko emakumeenak (223) edo 25-29 urteko emakumeenak (145) baino askoz handiagoak izan ziren,. Horrek adierazten du adinak gora egin ahala behera egiten duela diagnostiko horrengatiko ospitaleratzeak (emakume gazteen artean, behintzat).

                         Aurreko hilabetean entretenitzeko libururen bat irakurri dutela dioten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoaren bilakaera, adin-taldeen arabera (%)

Aldiz, gizon gazteen artean, buru- eta portaera-nahasmenduagatiko ospitaleratzeen zifrak ohikoagoak dira 20-24 eta 25-29 adin-taldeetan, 15-19 urtekoen taldean baino, eta, gainera, adin handieneko taldean (25-29 urte) gora egin dute 2022an eta 2023an eta 300 kasu baino gehiago izan dira urte horietan.

                                 Aurreko hilabetean entretenitzeko libururen bat irakurri dutela dioten gazteen ehunekoa 2025ean, sexuaren eta adinaren gurutzaketaren arabera (%)

Emakume eta gizon gazteen arteko alde horiek, ospitaleratzearen adin ohikoenari dagokionez, ospitaleratzea eragiten duen buru-nahaste motaren ondorio dira.

Urte hauetan guztietan, gizon gazteen ospitaleratze gehien eragin dituen buru- edo portaera- nahasmendua eskizofrenia, nahasmendu eskizotipikoa, eldarnioa eta gogo-aldartearekin zerikusirik ez duten beste nahasmendu psikotiko batzuk izan dira. Gizon gazteen ospitaleratze gehien eragin dituen bigarren nahasmendu mentala substantzia psikoaktiboen kontsumoak eragindako buruaren edo portaeraren nahasmenduak izan dira.

Nahasmendu mota horiek ez dute prebalentzia bera emakume gazteen artean. Emakumeen artean, hauek dira ospitaleratze gehien eragiten dituzten nahasmendu mentalak: helduaren nortasun- eta portaera-nahasmenduak, gogo-aldartearen nahasmenduak (afektiboak), antsietate-nahasmenduak, disoziatiboak, estresarekin, somatomorfoekin eta psikotikoak ez diren beste nahaste mental batzuekin lotutakoak, eta elikadura-jokabidearen nahasmenduak. Eskizofrenia bosgarren lekuan geratuko litzateke emakumeen artean.

                                                

Adin-talde gazteen arabera ere aldeak daude. Eskizofreniak, nahaste eskizotipikoak, eldarnio-nahasmenduak eta gogo-aldartearekin zerikusirik ez duten beste nahasmendu psikotiko batzuek, bai eta substantzia psikoaktiboen kontsumoak eragindako buru-nahasmenduek eta portaera-nahasmenduek ere, ospitaleratze gehiago eragiten dituzte 25-29 urteko adin-taldean, eta behera egiten dute adinak behera egin ahala.

Helduaren nortasunaren eta portaeraren nahasmenduengatiko ospitaleratzeak ohikoagoak dira 20-24 urtekoen artean, eta 15-19 urtekoen artean erregistratu da kasu gutxien.

Antsietate-nahasmenduak, disoziatiboak, estresarekin lotutakoak, somatomorfoak eta beste nahasmendu ez-psikotiko batzuk, bai eta elikadura-jokabidearen nahasmenduak ere, askoz ohikoagoak dira 15-19 urteko taldean. Kolektibo horrek ere zifra handiagoak ditu haurtzaroan eta nerabezaroan hasten diren portaera-nahasmenduei eta nahasmendu emozionali dagokienez.

                               

Buruko edo portaerako gaixotasun batengatik ospitaleratu ondoren alta jaso duten emakume eta gizon gazteen zifren bilakaera aztertzen badugu, ikusiko dugu emakumeen artean, 2021ean, nabarmen igo zela honako diagnostiko hauengatik ospitaleratu zituztenak: helduaren nortasun- eta portaera-nahasmenduak, gogo-aldartearen nahasmenduak, antsietate-nahasmenduak, disoziatiboak, estresarekin, somatomorfoekin eta beste nahasmendu ez-psikotiko batzuekin lotutako nahasmenduak, bai eta elikadura-jokabidearen nahasmenduak ere (aipatutako lau mota horietan, emakumeen ospitaleetako 100 alta baino gehiago erregistratu ziren urte horretan). 2022ko eta 2023ko lau buru-nahasmendu mota horiengatik emakume gazteek izandako ospitaleratzeen kopuruak 2021 baino lehen erregistratutakoen gainetik daude oraindik. Aitzitik, eskizofrenia, nahaste eskizotipiko, eldarnio eta gogo-aldartearekin zerikusirik ez duten beste nahasmendu psikotik batzuengatik edo substantzia psikoaktiboen kontsumoaren ondoriozko nahasmenduengatik ospitaleratu zituzten emakumeen kopuruak ez dira funtsean aldatu aztertutako urteetan (2017-2023).

                               

Gizon gazteen kasuan, 2020an behera egin zuen ospitaleetako alten kopuru absolutuak, buruko nahasmenduek edo portaerak eragindako ospitaleratzeen ondorioz. Ziurrenik,
COVID-19aren pandemiak eragin zuen hori, kontsulta mediko presentzialak mugatu zirelako orduan, baina ondorengo kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira.

                                    

Egiaztatu ahal izan dugunez, alde handia dago emakume eta gizon gazteen artean ohikoenak diren nahasmendu mentaletan, eta, beraz, osasun mentalari arreta emateko, planteamendu desberdinak egin behar dira sexuaren arabera.

Osasuna eta ongizatea Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren hirugarren helburua da.