- Desgaitasunen bat duten pertsonei Adimen Artifizialak eskaintzen dizkien aukerak eta baliabideak aztertu dira: ahots laguntzaileak, itzultzaile adimendunak, domotika, enplegurako plataformak, gida-laguntzak…
- Hainbat dituk legearen, teknologiaren, kudeaketaren, finantziazioaren edo ekintzailetzaren esparruetarako proposamenak egin dituzte
Uda Ikastaro honetan, adimen artifizialak (AA) desgaitasunen bat duten pertsonen bizitzan duen eginkizun eraldatzailea aztertu da eta bere onurak zein erronkak jorratu dira. Irisgarritasunari eta parte-hartze sozialari dagokienez, AAk oztopo historikoak eraisteko ahalmena du; izan ere, tresnak eskaintzen ditu hainbat arlotan laguntza pertsonalizatua emateko, autonomia hobetzeko eta gizarteratzea errazteko, hala nola hezkuntzan, enpleguan eta bizimodu independentea ahalbidetzeko garaian. Hala ere, teknologia horien garapenean pribatutasuna, bazterketa, oreka eta beste gai batzuk modu kritikoan lantzeko arriskuak eta beharra ere aztertu dira.
Ongizate, Erronka Demografiko eta Gazteria sailak zuzendutako UIK honetara Euskadi, Nafarroa eta Valentziako unibertsitate publikoetako ordezkariak gerturatu dira. Gaitasun edo adimen ezberdineko pertsonekin lan egiten duten APNABI, ATZEGI, FEVAS, FEVAPAS, FEKOOR, Hurkoa Fundazioa, GUREAK, EDEKA, GAUDE, Euskal gorrak edo SIMPROMI elkarteetako kideek ere parte hartu dute.
“AA sistemak diseinatzeko, entrenatzeko eta aplikatzeko moduak eragin zuzena du pertsonen eskubideetan eta aukeretan. Algoritmoak giza aniztasuna behar bezala irudikatzen ez duten datuekin entrenatzen badira — desgaitasuna duten pertsonak barne —, teknologiak pertsona horiek baztertzeko eta ikusezin bihurtzeko arriskua dago. AAn ere desgaitasunaren betaurrekoak jarri behar ditugu” esan du Itziar de La Peñak, Eusko Jaurlaritzako Hirugarren Sektore Sozialaren eta Ekimen Komunitarioaren Sustapenerako zuzendariak.
AAko soluzioak modu inklusiboan eta etikoan nola diseina eta aplika daitezkeen ulertzeko hainbat adituren lekukotzak jaso dira. Diseinu teknologikoaren hastapenetan, irisgarritasun printzipioak integratzeko jardunbide onenak zeintzuk diren aztertu dira, eta desgaitasuna duten pertsonek soluzio horien plangintzan eta hedapenean parte-hartze aktiboa izatea funtsezkoa dela ikusi da. Hau guztia inpaktu positiboa eta iraunkorra sortzeko. Azterketa kasuen, adibide praktikoen eta gomendio estrategikoen bidez, AAren ikuspegi inklusiboa sustatu da, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak errespetatu eta indartuko dituena, eta hartara, aurrerapen teknologiko horietaz guztietaz baliatzeko aukerak jorratu dira.
Adituen proposamen ezberdinak
- AAri loturiko algoritmoak eta datuen bilketaren arautzea.
- Desgaitasunen bat duten pertsonen lege orokorrean AAri dagozkion gaiak txertatzea.
- AA inklusiboa bultzatzeko sistema teknologikoak garatzea
- AA inklusiboa bermatzeko egiaztagiriak sortzea
- Irisgarriak izan diren AA ereduak sustatzea
- Eremu zaurgarrietan AA bultzatzea
- Teknologia lortu ahal izateko finantziazioa erraztea
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)