16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasa % 45,8 da 2025eko lehenengo hiruhilekoan

Argitalpen-data: 

Irudia Liburuaren Munduko eguna

Maiatzaren 1a. Langileen eguna

Maiatzaren 1a ospatzearekin batera, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen lanari eta lan-baldintzei buruzko datu batzuk aurkezten ditu.  

2025eko lehenengo hiruhilekoan Euskadiko gazteen jarduera-tasa, hau da, lanean edo lan egiteko prest dauden (eta horretarako azken lau asteetan lan bilaketa aktiboa egin dute) gazteen ehunekoa % 51,7 da. Horrek esan nahi du gainerakoak ikasten daudela edo, edozein arrazoirengatik, ezin dutela lan egin edo ez daudela lanerako prest galdetu zaien momentuan.

Hiruhileko horretan Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasa, (enplegua duten gazteen ehunekoa adierazten duena) % 45,8 da, 2024ko batez bestekoaren zifra berdina eta aurreko urteetan izandako tasen gainetik. Okupazio-tasa handixeagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino (% 47,4 eta % 44,0, hurrenez hurren), baina egia da jarduera-tasa ere pixka bat handiagoa dela gizon gazteen artean (% 52,6) emakume gazteen artean baino (% 50,6).

                                Aurreko hilabetean entretenitzeko libururen bat irakurri dutela dioten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoaren bilakaera, sexuaren arabera (%).

Gazteen okupazio-tasa 16 urtetik gorako biztanleriarena (% 70,7, 2025eko lehen hiruhilekoan) baino askoz txikiagoa da, batez ere gazte asko ikasten daudelako.

Bestalde, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa 2025eko lehenengo hiruhilekoan % 11,3 da. Langabezia tasak hauxe adierazten du: enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa (hau da, lan egiteko prest daudenen ehunekoa). Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak, ezta lan egin ezin duten ezgaituak ere. Azken datu hori 2024ko batezbestekoaren gainetik dago, lau hamarren, hain zuzen ere. 2024an jaso zen seriearen tasarik baxuena (% 10,9). Gainera, emakume gazteen zifrak gizon gazteenak baino altuagoak dira, % 13,0 eta % 9,8, hurrenez hurren.

Ohi bezala, gazteen langabezia-tasa Euskadiko 16 urtetik gorako biztanleriarena (% 7,0, aurtengo lehen hiruhilekoan) baino altuagoa da.

                         Aurreko hilabetean entretenitzeko libururen bat irakurri dutela dioten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoaren bilakaera, adin-taldeen arabera (%)

Jarraian, enplegua nolakoa den adierazten duten datuak aurkeztuko ditugu, behin-behinekotasun- eta partzialtasun-tasak eta gazteen batez besteko soldatak kontuan hartuta.

Aldi baterako kontratua duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, beren adineko soldatapeko pertsona guztiekiko, % 40,0 zen 2024an. Adierazi behar da tasa hori 2012-2024 serie osoko txikiena dela, baina, hala ere, aldi baterako kontratua duten soldatapeko gazteen ehunekoak bikoiztu egiten du Euskadiko adin guztietako soldatapekoei dagokiena (% 19,4).

Behin-behinekotasun-tasaren jaitsiera nabarmen nabaritu da abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretua (lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako premiazko neurriena) abenduaren 31n indarrean jarri ondoren. Dekretu horrek aldez aurretik indarrean zegoen aldi baterako kontratazioaren erregulazioa aldatzen du, eta lan-kontratuak mugagabea izan behar duelako presuntzioa indartzen du.

                                 Aurreko hilabetean entretenitzeko libururen bat irakurri dutela dioten gazteen ehunekoa 2025ean, sexuaren eta adinaren gurutzaketaren arabera (%)

Behin-behinekotasunak gehiago eragiten die soldatapeko emakume gazteei gizon gazteei baino (2024an, % 44,9 izan zen emakumeen artean eta % 35,4 gizonen artean), eta ohikoagoa da 25 urtetik beherako soldatapekoen artean (% 50,0) 25-29 urtekoen artean baino (% 33,2).

Bestalde, lanaldi partzialean (astean 30 ordu baino gutxiago) lan egiten duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, adin-tarte bereko pertsona landunen guztizkoari dagokionez, % 32,2 zen 2024an, eta horrek esan nahi du enplegua duten hiru gaztetik batek lanaldi murriztua egiten duela. Gazteen kontratuen partzialtasuna nabarmen hazi da azken hamarkadan, eta 2015etik ez da % 30etik jaitsi. Euskadiko biztanleria okupatu osoan, lanaldi partzialeko enplegu-tasa ez da hain handia, eta 2024an % 17,0koa zen.

                                                     

 

Gizonen eta emakume gazteen arteko aldeak are nabarmenagoak dira lanaldi partzialeko kontratuei erreparatuz gero: 2024an, enplegua zuten emakume gazteen % 39,5ek beren lanpostuari zegozkionak baino ordu gutxiago lan egiten zuten, eta gizon gazteen kasuan, berriz, % 25,6k. Joera hori serie osoan zehar egiaztatzen da.

Partzialtasuna hedatuago dago 16 eta 24 urte bitarteko langileen artean (% 47,1) 25 eta 29 urte bitartekoen artean baino (% 22,4).

Hileko batez besteko soldata garbiei dagokienez (bi aparteko ordainsari hainbanatu barne), 18 eta 29 urte bitarteko soldatapekoek 1.368 € kobratzen zituzten, batez beste, 2023an (eskura dagoen azken datua). Soldata hori 2012-2022 aldian erregistratutakoekin alderatzen badugu, 2023koa aldiko altuena dela ikusten dugu, baina, hala ere, igoera hori nekez egokitu daiteke prezioen igoeretara.

                                                        

18-29 urteko soldatapeko emakumeek beren adineko soldatapeko gizonek baino soldata txikiagoak kobratzen dituzte batez beste (1.273 € eta 1.406 €, hurrenez hurren, 2022an). Adinaren araberako aldeak are handiagoak dira. 25 urtetik beherako soldatapekoek 1.185 € garbi jasotzen dituzte hilean, batez beste; 25-29 urtekoek, berriz, 1.533 € hilean. Nolanahi ere, kontuan izan behar da emakumeek lanaldi partzial gehiago dituztela gizonek baino, eta 25 urtetik beherako soldatapekoek ere lanaldi murriztu gehiago dituztela 25 eta 29 urte artekoek baino, eta horrek, logikoa denez, batez besteko soldata baxuagoak ekartzen ditu, egindako lan mota bezalako beste faktore batzuetatik aparte.

Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.