Mikel Aiertza Etxabe irabazle XI. "Hamaika entzuteko!" lehiaketan
Mikel Aiertza Etxabek irabazi du Donostia Kultura Irratiak antolatutako "Hamaika entzuteko!" XI. irrati-piezen lehiaketa eta Guillermo Zaragoza Andrés eta Joan Quintanilla Latorrerentzat izan da 2. saria. Lan saridunak DK Irratiaren Ispilu Beltza irratsaio berezi batean ezagutaraziko dira datorren ostegunean, abenduak 18. Lotura honetan egongo dira entzungai ondoren.
Deialdira aurkeztutako lanen artean, epaimahaiak erabaki du Naufragoaren duintasuna dela aurten lehiaketara aurkeztutako lan guztietatik onena, eta honela baloratu du: "sentsibilitate handiz eta soinu-elementu asko nahastuz egindako pieza da. Lokuzio ona eta euskara-maila egokia ditu, eta mezu sakona helarazten du". Egilea Mikel Aiertza Etxabe euskara irakaslea da.
Bigarren saria Guillem Zaragoza Andrés eta Joan Quintanilla Latorrerentzat izan da, Cassette al pasado izeneko lanagatik. Epaimahaiak azpimarratu du pieza umoretsua dela, teknikoki maila altukoa, eta soinu-errekurtso askoren bidez garai bateko erretratu poliedrikoa osatzen asmatzen duela.


