12.000 pazientek hartzen dute parte Euskadiko osasun- ekosistema publikoko osasun-arloko ikerketa-proiektutan

Argitalpen-data: 

  • Osasuneko sailburuak osasun-ikerketaren eragin soziala eta osasun-sistema publikoari egiten dion ekarpena azpimarratu ditu
  • Euskadi erreferentea da I+G+Bn, 3.000 pertsona osasun-ikerketan eta 870 proiektu abian, gehienak onkologian, gaixotasun neurodegeneratiboetan eta kardiobaskularretan
  • Gaur, Gaixotasun Arraroen Munduko Egunean, Martinezek Sailaren Osasun Ikerketarako Institutuen (OII) 200 proiektu nabarmendu ditu, biomarkatzaile berriak identifikatu, tratamendu berriak garatu eta alternatiba terapeutiko berriak probatzen dituztenak
  • Azken bost urteetan, ikerketa-institutuek % 36 handitu dute kanpoko finantzaketa, 22 milioi eurotik 30era, beren proiektuen kalitateari eta lehiakortasunari esker
  • Ikerketa eta berrikuntzako euskal ekosistema Euskadiko Osasuneko I+G+B 2025-30 Plan Estrategikoaren oinarriak ezartzen ari da, eragile zientifiko-teknologikoekin lankidetzan eta pazienteen eta herritarren partaidetzarekin

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek ikerketak euskal herritarren osasunean eta osasun-sistema publikoaren hobekuntzan duen eragina azpimarratu du. "Ikerketak ez du zentzurik gure inguruan aplikatzen ez badugu", azpimarratu du. Horretarako, sailburuaren hitzetan, ezinbestekoa da pertsonen, pazienteen, lankidetza eta inplikazioa, eta eskerrak eman dizkie ahulezia-uneetan erakutsi duten ausardia eta eskuzabaltasunagatik. Euskal osasun-arloko ikerketa-sistemak bultzatutako proiektuek 12.000 pazienteren parte-hartze zuzena dute; horiez gain, 1.100 pertsonak hartzen dute parte Euskaditik eta Euskadin bultzatutako saiakuntza kliniko espezifikoetan.

Horren berri eman du gaur Bilbon emandako prentsaurreko batean, 2024an osasun-esparruan ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren emaitzak aztertzeko eta etorkizuneko ikerketa planifikatzeko Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioko (BIOEF) arduradunekin eta Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak Ikerkuntza Sanitarioko Institutuetako zuzendaritzekin bilera egin ondoren.

Gaur egun, Euskadiko Osasuneko I+G+B sistemak 2.905 pertsona ditu lanean, eta horietatik % 67 emakumeak dira. Gehienak jarduera duala egiten duten Osakidetzako profesionalak dira:  laguntza eta ikerketa. Osasuneko sailburuak eskerrak eman dizkie osasuneko I+G+Bren esparruan lan egiten duten pertsona guztiei, “egiten duten lan horrek guztiak ahalbidetzen duelako lortutako aurrerapenak praktika klinikora eramatea, hau da, pazienteen osasunerako eta ongizaterako onurak ekartzea”.

Gaur egun, I+G+Bko 870 proiektu daude abian, horietatik 50 europarrak. Proiektu horien helburua da urratsak ematea hainbat gaixotasunen diagnostikoan eta tratamenduan, baita pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan ere; horrez gain, 77 produktu garatu eta babestu nahi dira 2024an, 35 patente propio aktibo izanik.

Gainera, 2024an 1.700 artikulu zientifiko argitaratu ziren, hau da, Euskadiko ekoizpen zientifiko osoaren % 22. Horien kalitateari dagokionez, % 59,3 Quartil 1 multzoan daude (kalitate handia), kalitate-mailarik altuenean. Ildo horretan, Martinez sailburuak nabarmendu duenez, "bolumen-kantitate handia sortzeaz gain, sortutakoak kalitate handia du". Izan ere, 2025ean 242 artikulu argitaratu dira, eta horien % 66 eman daitekeen mailarik handienean katalogatu dituzte.

Osasun-arloko ikerketa-ildo nagusiak euskal gizartearen eta osasun-sistemaren beraren zuzeneko eta ageriko beharretara zuzenduta daude: onkologia, gaixotasun neurodegeneratiboak eta gaixotasun kardiobaskularrak; "hori ez da kasualitatea, euskal herritarren heriotza eragiten duten arrazoi nagusiak direla kontuan hartuta", adierazi du Alberto Martinezek. Hori guztia, gure gizartean dauden beste espazio eta premia batzuk alde batera utzi gabe.

Gaixotasun arraroen ikerketa

Gaur, otsailak 28, Gaixotasun Arraroen Mundu Eguna dela eta, Osasuneko sailburuak bereziki azpimarratu nahi izan du Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuetan (OII) gaixotasun horiek ikertzen egiten ari diren lana. Euskal Autonomia Erkidegoko Gaixotasun Arraroen Erregistroak 1.226 patologia desberdinei dagozkien 11.888 kasu zenbatu ditu 11.770 pertsonatan, duela hamarkada bat martxan jarri zenetik.

Gaur egun, Euskadiko osasun-sistemak gaixotasun arraroak ikertzeko 200 proiektu ingurutan parte hartzen du, eta gaixotasunak zehatzago diagnostikatzen lagunduko duten biomarkatzaile berriak identifikatzen ditu. Gainera, ikerketak egiten ari dira tratamendu berriak garatzeko eta saiakuntza klinikoen bidez alternatiba terapeutiko berriak aztertzeko.

Euskadin erregistro-tasa 47 kasukoa da 10.000 biztanleko (41 Araban, 47 Bizkaian eta 49 Gipuzkoan). Adinaren arabera, Erregistroan agertzen diren pertsonen % 14,2k 15 urte baino gutxiago du. Sexuaren arabera, % 50,5 gizonak dira eta % 49,5 emakumeak. Alde nabarmenak ikusten dira zenbait gaixotasunek sexu batean eta bestean duten intzidentzian. Emakumeengan, eragin handiagoa dute behazun-kolangitisak edo hepatitis autoimmuneak; gizonengan, berriz, presentzia handiagoa dute X kromosomari lotutako gaixotasunek, hala nola A hemofiliak eta X hauskorraren sindromeak.

Gaixotasun arraroen ikerketari ekiteko lagin biologikoak erabili behar dira. Horretarako, Euskadik Euskal Biobankua du, eta banku horrek 4.900 emaile baino gehiagoren 228 gaixotasun arraroren laginak kudeatzen ditu. Plataforma horrek erraztu egiten du gaixotasun arraroak dituzten pazienteak ikerketa-azterketetan sartzea, lagin biologikoak emanez eta Estatuko eta nazioarteko sareetan parte hartuz.

Nazioartean, Euskadiko osasun-sistemak gaixotasun arraroen osasun-arretarako Europako zenbait Erreferentzia Saretan parte hartzen du. Era berean, Euskadik IMPaCT Genomica Programan parte hartzen du. Programa horrek konplexutasun handiko azterketa genetikoak egiten ditu estatu-mailan. Azterketa horiek gaixotasun arraroak eta diagnostikorik gabeko beste gaixotasun batzuk modu ekitatiboan diagnostikatzen laguntzera bideratuta daude, gaixotasun arraro bat duten pazienteak diagnostikorik gabe gera ez daitezen.

Osasuneko I+G+Bn inbertitzea

Hori guztia ez litzateke posible izango, Euskadiko Osasun-arloko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako ekosistemak lehiarako duen gaitasunagatik ez balitz, Osasuneko sailburuak adierazi duenez, honako hau gaineratuz: "izan ere, gure tamaina gorabehera —bi milioi biztanleko herrialdea—, osasun-arloko ikerketa-zentroek kanpoko funts gehiago eskuratzea lortu dute, eskura dauden baliabide publikoetatik harago". Azken bost urteetan, osasunaren arloan I+G+Bn egindako inbertsio publikoaren bilakaerak hazkunde nabarmena izan du: 2020an 36 milioi euro izatetik 2025ean 52 milioi euroko aurrekontua izatera igaro da.

Testuinguru horretan, Alberto Martínezek nabarmendu du osasun-sistemako eragileek kanpoko baliabide gehigarriak erakartzeko eta harrapatzeko duten gaitasuna. Kalitatea eta lehiatzeko gaitasuna frogatuta geratu dira; izan ere, 2020an kanpoko baliabideak 22 milioi eurokoak izan ziren, eta zifra hori 30 milioi eurotara igo da 2024an, % 36 haziz. Azpimarratzekoa da nazioarteko finantzaketa jasotako funtsen % 16,66 dela, eta azken 5 urteetan % 24ko hazkundea izan duela, batez ere Europan.

Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Plana 2025-2030

Euskadik osasun-ikerketarekiko duen konpromisoaren erakusgarri, Osasuneko sailburuak jakinarazi du euskal osasun-ekosistemako agente zientifiko-teknologikoak, pazienteen eta herritarren elkarteekin batera, Euskadiko 2025-2030 aldirako Osasuneko I+G+Bko Plan Estrategikoaren oinarriak ezartzen ari direla. Plan hori 6 ardatz estrategikotan oinarrituko da: ikerketa biomedikoa eta klinikoa, osasun-teknologiako berrikuntza eta digitalizazioa, sistemaren balioa eta jasangarritasuna, lankidetza publiko-pribatua eta ezagutzaren transferentzia, talentua eta gaikuntza, eta herritarren parte-hartzea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)