ARKABIA sortu da, Vital Fundazioaren gune sozial eta kultural berria

  • ARKABIA sortu da, Vital Fundazioaren gune sozial eta kultural berria

  • Gasteizen kulturarako konbergentzia-puntu izan dadin estrategikoki sortua, erakusketa-aretoak, balio anitzeko gune bat, hezkuntzarako gela bat eta herritarrentzat irekita egongo den interakzio sozialerako lekua izateko pentsatutako gune bat biltzen ditu 2.800 m²-tan
  • Edozein pertsonak kulturaz, inklusio baldintzetan, gozatzeko aukera izan dezan diseinatu da; horretarako, ingurune sentsorial kontrolatua du, baita entzumen, egitura eta funtzio irisgarritasuneko neurriak ere
  • Irekiera programazioak honako hauek hartuko ditu barne: Bihotza filmaren estreinaldia, Lurraldearen biodibertsitateari buruzko ekoizpen propioko film dokumental ikusgarria; Arabako identitatean eta haren erronketan oinarritutako erakusketa; Rita Payés, Eñaut Elorrieta eta Ruper Ordorikaren kontzertuak; Victor Elías aktoreak bere bizitzari buruz egindako antzezlan bat; eta dantza inklusiboko ikuskizun bat

Abenduaren 17an irekiko ditu ateak. Gaur goizean, Jon Urrestik eta Arantxa Ibañez de Opacuak, Vital Fundazioko presidenteak eta zuzendariak, ARKABIA aurkeztu dute, kultura zentro bat baino askoz gehiago izateko sortu den Vital Fundazioaren gune sozial eta kultural berria. "Trukerako, topaketarako eta sormenerako gunea da, pertsona guztiek kulturaz irisgarritasun- eta inklusio-baldintzetan gozatzeko aukera izan dezaten diseinatua", nabarmendu du Urrestik. "ARKABIAk kultura bizitzeko modu berria eskainiko du, irekiagoa, parte hartzaileagoa eta, gainera, Gasteizko erdigunetik lurralde osoa dinamizatzeko motorra izango da".

Gune irekia eta bizia izan dadin diseinatua, ARKABIAko 2.800 m²-etan dibulgazio erakusketak egongo dira, hainbat gai eta formatutan; bisita gidatuak, familientzako tailerrak, kontzertuak, zinema nahiz antzerki piezak, besteak beste. Funtsean, "kultura esperientzia parte-hartzailea bizitzeko gunea da. Komunitate eta kultura topaketarako gunea, pertsona ireki, grinatsu eta ikasteko nahiz gozatzeko gogoa dutenentzat", azpimarratu du presidenteak.

Gasteizko Posta kaleko 13-15 zenbakian dago ARKABIArako sarbide nagusia. Bertako fatxadan, LED pantaila handi bat da nabarmenena. Bideo-arteko pieza artistikoen euskarri izango da, baita hiriari eskainitako beste ekintza batzuen leihoa ere. ARKABIAn sartzean, bisitariak 85 m²-ko ataria aurkituko du, argiztapen sistema erregulagarria duena, eta argiaren tenperatura, beroagoa edo hotzagoa, pertsonen ziklo zirkadianoetara egokitzen joango dena.

Naming-a eta identitate bisuala

ARKABIA izenak berak 'Artea' eta 'Kabia' hitzak biltzen ditu, eta "artea sortu, kabia egin eta bizi den" gunea ekarri nahi du gogora. ARKABIAk, aldi berean, 'Araba' hitzaren letra guztiak ditu, eta, fonetikoki, 'Arkadiaren' antza du, kultura berria eraikitzeko ingurune idilikoa.

ARKABIAren identitate bisuala DIGA eta EIDE elkarteekin lankidetzan egindako proposamen-deialdi batean erabaki zen.

Informazio gehiago


  • DataAzaroak 28
  • Gaia Bestelakoak