Euskara eta euskal kulturan sakonduko du Eñe jaialdiak, desioa, nortasuna eta sorkuntza garaikidea osagai nagusi dituela
- Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Miren Iza (Tulsa), Telmo Irureta, Jose Mari Goenaga, Itxaro Borda, Sara Fantova eta Beñat Sarasola sortzaileek literatura, zinema eta musika uztartuko dituzte, Katixa Agirrek ondutako programazioan
- Etxepare Euskal Institutuak sustatuta, euskal literaturaren leiho honetan plazer garaikideak euskal ahotsetatik aztertuko dira, jaialdiaren lemarekin bat eginik: "Plazera, aldarri iraultzaile bat"
- Euskal literatur leihoa azaroaren 15ean egingo da, Madrilgo Círculo de Bellas Artes-en
Festival Eñe literatur jaialdiak literaturako ahots ezagunak biltzen ditu udazkenero Madrilen, hiria idazle, liburu eta irakurleen topagune bihurtzen delarik. Aurtengo edizioa azaroaren 11n hasi da eta, beste behin ere, euskal kulturari eta literaturari tartea eskainiko dio, hitza, zinea eta musika uztartuko dituen egitaraua osatuz. Etxepare Euskal Institutuak sustaturik, Katixa Agirrek ondutako programazioa da aurtengo edizioko euskal leihoa, eta euskal sorkuntza garaikideko ahots nabarmenetariko zenbait plazer garaikideen inguruan jarriko ditu solasean.
"Plazera, aldarri iraultzaile bat" lelopean, Eñe jaialdiaren programazioak gozamena eta askatasuna literaturatik, norbere identitatetik eta esperimentazio artistikotik hausnartzeko aukera eskaintzen du, lurraldearen kultur bizitasunaren isla diren belaunaldien eta diziplinen arteko elkarrizketa-sorta txirikordatuz.
Ezberdintasunetik sortzeko plazer hori
Azaroaren 15ean, larunbata, Círculo de Bellas Artes-eko dantza aretoak, desiraren eta sorkuntzaren ñabarduretan sakonduko duten hiruna hizketaldi hartuko ditu, belaunaldi eta sorkuntza-diziplina ezberdinen arteko ahotsak aurrez aurre jarrita.
Euskal literaturaren leihoa 11:30ean hasiko da, millenial plazeraren inguruko solasaldia tarteko. Bertan, Sara Fantova zinema zuzendariak, bere lehen luzemetraia ‘Jone, batzuetan’ estreinatu ondotik, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak, zeinaren obraren zati handi bat memoria- eta entzute-ariketetan datzan, eta Beñat Sarasola idazle eta poetak hartuko dute parte. Sortzaileok ezegonkortasun egoeretan gozatzen ikasi duen belaunaldiaz eztabaidatuko dute, ironia, samurtasuna eta errebeldia hiruak helduleku izango dituztelarik.
13:30ean, "El placer de la melancolía" ("Melankoliaren plazera") solasaldiak Miren Iza (Tulsa) musikaria eta Espainiako Poesia Sariaren irabazle Miren Agur Meabe idazleak bilduko ditu, eta beren hizketaldiak tristeziari helduko dio, plazerak dituen efektu sentsorial eta sortzaileak abiapuntu hartuta. Bi letragileek tristezia, desengainua eta galdera existentzialak zintzotasunez eta sentiberatasunez landu dituzte, Tulsaren diskografian Meaberen testuetan bezainbat.
Azkenik, 17:45ean, Telmo Iruretak, 2023ko aktore berri onenaren Goya sariduna, Jose Mari Goenagak, Maspalomas film estreinatu berriaren zinema-zuzendari zaildua, eta Itxaro Borda eleberrigile eta poetak, pantailetan eta literaturan queer plazeren inguruko hizketaldiari ekingo diote. Hiru sortzaileok ere, desira, askapena, eta ezberdintasuna hartuko dituzte mintzagai sorkuntza- eta erresistentzia-eremu oparo gisa.
Eñe jaialdiaren aurreko edizioetan Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Borja Cobeaga, Olatz Salvador, Eneko Sagardoy, Isabel Cadenas Cañón, Nerea Ibarzabal, Izaskun Gracia Quintana, Bernardo Atxaga, Kirmen uribe, Katixa Agirre, Karmele Jaio, Uxue Apaolaza, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Angel Erro, Danele Sarriugarte, Jon Maia, Miren Amuriza, Fermin Etxegoien eta Juan Ramon Madariaga bezalako izenek hartu dute parte, besteak beste.
Euskal kultura garaikidearen ikuspegi anitzak
Katalanezko eta galizierazko literaturei dagozkienekin bat eginik, Eñe festibalak hizkuntza-aniztasunarekiko duen apustua indartzen du euskal literaturaren leihoak. Hori dela eta, kulturen, hizkuntzen eta sorkuntza-moldeen arteko elkargune bilakatuko da Madrilgo Círculo de Bellas Artes egoitza.
Gorputzaren eta memoriaren arakatze-prozesutik hasita, eta nortasuna bulkada estetiko gisa aldarrikatzeraino, Espainiako kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekiko Eñek duen konpromisoa berresten du programazio honek.
Euskal ahotsen ekarpenek jaialdiaren ertzak hedatu egin asmo dituzte. Izan ere, literatura musikarekin, zinemarekin eta umorea eta egunerokotasuna kontatzeko narrazio-molde berriekin solasean jarriko ditu euskal proposamenak.
Plazera, guztion lengoaia komun hori
Jesús Ruiz Mantillaren arte-zuzendaritzapean, Eñe jaialdiaren 2025. urteko edizioak bere kultur diskurtsoaren ardatz bilakatzen du plazera. Testuinguru horretan, Euskal Leihoak ideia horren adierazpen biziena gorpuztuko du, pentsamoldea, hitza eta emozioa aniztasunetik gozatzeko abagunea eskaintzen baitu.


