Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak inoizko aurrekonturik handiena izango du: 413,7 milioi euro
- Ibone Bengoetxea lehendakariordea: "inoiz baino beharrezkoagoa da kolektibo baten parte sentitzea, gure ongizatea zaintzea eta garenak izaten indartzen laguntzen digun horren alde apustu egitea"
- 2026ko aurrekontua % 5,5 hazi da, eta kulturaren (% +7), euskararen (% +6,2) eta kirolaren (% +16) eremuak indartu ditu
- Sailaren lehentasunak: artistei eta sortzaileei laguntzea, ondare kulturalari etorkizuna ematea, euskararen erabilera soziala bultzatzea, eta kirola, jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere sailaren 2026rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur Legebiltzarrean. Aurrekontuak 413,7 milioi euroko zuzkidura du, hau da, 2025ean baino % 5,5 gehiago. Sailaren historiako aurrekonturik altuena da.
Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu duenez, Sailaren helburu nagusia euskal gizartean komunitate-sena areagotzea da, eta identitate kulturalean eta giza garapen jasangarrian sakonduz. Gaineratu duenez, egungo testuinguruan, “inoiz baino beharrezkoagoa da kolektibo baten parte sentitzea, gure ongizatea zaintzea eta garenak izaten indartzen laguntzen digun horren alde apustu egitea”. Ondoan izan ditu Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria.
Lau lehentasun estrategiko 2026rako:
1. Artistei eta sortzaileei laguntzea, 50,5 M €-rekin (+% 10,7), deialdiak, laguntzak eta nazioarteko proiekzioa indartuta.
2. Ondare kulturalari etorkizuna ematea, 37,9 M €-rekin (+% 5,4), bere kontserbazioa, digitalizazioa eta sarbide publikoa lehenetsita.
3. Euskara eta bere erabilera soziala bultzatzea, 93,5 M €-rekin (+% 6,1), doakotasunerantz eta ikaskuntza digitalerantz aurrera eginda.
4. Kirola, jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzea, 14,9 milioi eurorekin, ohitura osasungarriak eta berdintasuna kirolean sendotuta.


