Bilboko Berreginen Museoak aldi baterako erakusketa berria aurkeztu du: "Mitoak orbitan. El universo a la vista", mitologiaren, artearen eta zientziaren arteko zubia
- Erakusketa Museoaren bildumako hamar artelanek osatzen dute eta horien bidez jorratuko da antzinatasunak zer-nolako eragina izan duen gaur egun unibertsoari buruz daukagun ezagutzan
- 2025eko urriaren 24tik 2026ko maiatzaren 24ra bitartean egongo da Bizkaiko erakundean jendeari zabalik
- Eusko Jaurlaritzaren, DIPCren (Donostia International Physics Center) eta Madrilgo Cerralbo Museoaren laguntza izan du erakundeak
- Erakusketak, halaber, ukipen-mahai bat dauka modu irisgarri eta jostagarrian planetak eskalan ikusi ahal izateko
Bilboko Berreginen Museoak "Mitoak orbitan. El Universo a la vista" erakusketa aurkeztu du. 2025eko urriaren 24tik 2026ko maiatzaren 24ra bitartean zabalik egongo da proposamena. Errenazimentuko artelanen eta ukipen-baliabideen bidez, erakusketak publikoa gonbidatzen du mitologia klasikoaren eta behaketa astronomikoaren arteko loturak ezagutzera. Finean, antzinako kulturek kosmosa interpretatzeko moduaren inguruan hausnartzeko aukera ematen du.
Guztira Museoaren bildumako hamar artelan biltzen dituen erakusketaren komisarioa Itziar Martija da eta museoak ekoitzi du. Artelan horien artean nabarmenak dira Errenazimentuko erliebeen molde-lanak, Úbedako (Jaén) Salvador kapera sakratuan jatorria dutenak. Jainko-jainkosa greko-erromatarren irudiak dira eta naturako lau elementuekin zein antzina eguzki-sisteman ikusgai zeuden zeruko gorputzekin lotura dute. Berariaz zaharberritutako artelanak erakusketaren ardatz gisa aurkezten dira eta lehenengoz ikusgai egongo dira Mariaren Bihotza elizan. Bilduma osatuko dute Madrilgo Cerralbo Museotik ekarritako Errenazimentuko estanpa batek eta bilduma propiotik ateratako mukulu biribileko molde-lan batek: Partenoiko Ilargiaren gurdiko zaldi-buruak, mitologiaren eta izartegiaren arteko loturaren ikurra denak.



