"Haur eta gazte literatura irakur gida 2024" argitaratu du Mondragón Unibertitateak
- Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak koordinatutako gidak 2024. urtean haur eta gazte literaturan euskaraz argitaratu diren 294 liburuak aztertu ditu
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sarean jarri du 2024. urtean euskaraz argitaratutako haur eta gazteei zuzendutako 294 liburuen sailkapena biltzen dituen argitalpena: Haur eta gazte literatura irakur gida 2024. 12 lagunek osatutako lantaldeak urteko argitalpen guztiak irakurri, aztertertu, eta hiru ataletan multzokatu dituzte: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bana gehitu diete.
12 lagunek osatutako lantaldea
Gidaren hitzaurrean adierazi duten moduan, "gida hau talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan nahi du". Bildumaren egileen iritziz, gida honek "ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazerra bera ere, ez baita talde honek egiten duen irakurketaren adierazpena baino".
2024. urteko gida egiteko, haur eta gazte literaturarekin lotutako zortzi erakundetako 12 lagunek hartu dute parte, tartean, liburuzainek, eskoletako irakasleek eta Mondragon Unibertsitateko adituek. Hain zuzen ere, oraingo edizioko irakurle taldea osatu dute hurrengo lagunek: Olga Jauregi (Aramaioko Udal Biblioteka), Laida Zubia (Bergarako Udal Biblioteka), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Biblioteka), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Biblioteka), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Biblioteka), Edurne Urbiztondo, Garbiñe Txintxurreta eta Joxe Otaduy (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola), Nerea Alzola eta Eunate Arebiotorre (Mondragon Unibertsitatea); koordinatzaile lanetan ibili da Mondragon Unibertsitateko Marikarmen Apraiz. Aurtengo azalaren diseinua Lehen Hezkuntza graduko Amets Sanz ikasleak egin du, eta maketazioa, berriz, Naroa Garayar Lehen Hezkuntza graduko ikasleak.


