"El ataque de las cabras", "Zoriona, edo antzeko zerbait" eta "Gerra Gazan", garaile Zilarrezko Euskadi Sarietan
Gipuzkoako Liburu-denden elkarteak Zilarrezko Euskadi Literatura Saria eman dio Laura Chiviteri Gaztelaniazko narratiba kategorian, Random Housek argitaratutako El ataque de las cabras liburuagatik
Euskarazko Narratiba kategorian, Karmele Mitxelenak eskuratu du saria, Elkarrek argitaratutako Zoriona, edo antzeko zerbait liburuagatik
Komiki eta Album Ilustratuen kategorian, Joe Sacco (gidoia eta ilustrazioa) eta Julen Gabiria (itzulpena) egileek jaso dute saria, Astiberri argitaletxeak kaleratutako Gerra Gazan lanagatik
Gipuzkoako liburu-denden elkarteak irakurketa sustatzeko kanpaina jarri du abian. Ekimen hau martxan jartzen duten 31 liburu-dendetako bezeroek kode bat lortuko dute, www.gipuzkoaliburudendak.com webgunearen bidez 2025eko Zilarrezko Euskadi Sariekin lotutako joko sinple batean parte hartzeko eta liburu-dendetan kontsumitzeko bonuak irabazteko
Gipuzkoa Merkatariak elkartearen barne dagoen Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteak aurtengo Zilarrezko Euskadi Literatura Sarien irabazleak iragarri ditu. Gaztelaniazko narratibaren kategorian, Laura Chivite da garaile, Random Housek argitaratutako El ataque de las cabras lanagatik. Euskarazko Narratiban, Karmele Mitxelena izan da sariduna, Elkar argitaletxeak kaleratutako Zoriona, edo antzeko zerbait liburuarekin. Eta Komiki eta Album Ilustratuen kategorian, Joe Sacco (gidoia eta ilustrazioa) eta Julen Gabiria (itzulpena) egileek irabazi dute, Astiberrik argitaratutako Gerra Gazan lanagatik.
Zilarrezko Euskadi Literatura Sariak "bigarren aukera" bat dira, liburu-denden ustez, urteko argitalpen kopuru handiaren barruan bigarren maila batean geratu diren lanak nabarmentzeko. Sari hauen bidez, kalitate literarioa aitortzeaz gain, arreta handiagoa merezi duten tituluen zirkulazioa bultzatu nahi da.
Sariak banatzeko ekitaldia Donostiako Secundino Esnaola kaleko 21. zenbakian dagoen Errabundia liburu-dendan egingo da, urriaren 22an.
Epaimahaiaren motibazioak
Gaztelaniazko Narratibaren kategorian, Gipuzkoako liburu-dendek Laura Chivite saritu dute "bere lehen eleberri honen kalitate literarioagatik, zeinak auto-fikziozko joko faltsu bat aurkezten digun lehen pertsonan. Prestakuntza eta heldutasun, hazkunde edo ikaskuntza eleberri bat da familia-harremanetan, maitasun eta adiskidetasunean, lehen amets eta promesetan, desengainu eta hauskortasunean oinarritua, guztia tragediaren eta umorearen arteko oreka bitxia lortuz, fantasiarekin nahasten den ironia finarekin, errealitatea hobeto azaltzeko bitarteko gisa".
Euskarazko Narratibaren kategorian, Zilarrezko Euskadi Saria Karmele Mitxelenarentzat izan da. Bere idazkera "lasai eta hurbilarengatik" saritua izan da, "prosa eraginkor eta zuzena erabiliz, heriotzaren eta suizidioaren tabuari aurre egiten dioten bizitzen inguruko eleberria landu du. Bidaia fisiko eta psikologiko baten kontakizuna da, zoriontasuna helburu ala bide gisa ulertzeko galdera; heriotzaz eta erruaz, familiaren eta maitasun- eta adiskidetasun-harremanen hausnarketa gisa. Bizitzearen eta sentitzearen kontraesanen iluntasun gordinaz eta argitasunaz dihardu".
Eta azkenik, Komiki eta Album ilustratuen kategorian, Gerra Gazan lana izan da garaile. "Ez dugu soilik komiki hau aitortu nahi, Joe Saccoren arte grafikoarekiko eta konpromiso sozial zein politikoarekiko maitasunez egindako ibilbide oso bat ere saritu nahi dugu. Sacco mundu mailako komiki-erreportajeen egile onenetakoa da, eta bederatzigarren artearen kalitatea eta balioa gorenera eramaten ditu, ez soilik ikuspegi artistiko edo grafikotik, baizik baita balio narratibo, dokumental eta garaiko konpromisotik ere". Aitorpen hau Bilboko Astiberri argitaletxeari ere zabaldu diote, eta, kasu honetan, bereziki Julen Gabiria bizkaitarrak egindako euskarazko edizioari, komikiaren balio artistikoa, soziala eta kulturala erakusteko erronka onartu duelako.
Irakurketa bultzatzeko kanpaina
Euskadi Zilarrezko Literatura Sariak direla-eta, Gipuzkoako liburu-dendek irakurketa bultzatzeko eta aintzatespena merezi duten lanak ikusarazteko kanpaina gauzatu dute. Bihartik, urriaren 9tik, urriaren 26ra bitarte, liburu-denda parte-hartzaileetan erosketa bat egiten duen 18 urtetik gorako edonork aukera izango du lehiaketa batean parte hartzeko, gaztelaniazko eta euskarazko narratiba zein komiki/eleberri grafikoa goraipatzen duten Zilarrezko Euskadi sariekin lotuta.
Parte hartzeko, liburu-denda parte-hartzaileetan egiten duten erosketa bakoitzagatik, orri-markatzaile bat jasoko dute kode batekin. Horrekin, kategoria bakoitzeko obra irabazleekin loturiko joko erraz batean parte hartu ahal izango dute www.gipuzkoaliburudendak.com webgunean.
Parte-hartzaileek 50€ko 6 bono irabazteko aukera izango dute kanpainan parte hartzen duten liburu-dendetan kontsumitzeko. Irabazleen izenak urriaren 28an ezagutaraziko dira.
Andoain, Arrasate, Azkoitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Tolosa eta Zarauzko 31 liburu-dendek bat egin dute ekimenarekin. Hala, bezeroekin tratu hurbila eta zuzena izatearen aldeko apustua indartu nahi dute guztiek, hori baita bezeroei egokitutako aholkuak emateko modurik onena.
Ekimen honek Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Donostia Kulturaren, Donostiako Udalaren eta Kutxa Fundazioaren babesa du.
Liburu-denda parte-hartzaileak
Hona hemen kanpainan parte hartu duten liburu-denden zerrenda: Stop (Andoain), Ernaitza liburudenda (Andoain), Amaitz (Azkoitia), Mirentxu liburudenda (Beasain), Aritz (Donostia), Armagedon Comics (Donostia), Casa del Libro (Donostia), Donostia liburudenda (Donostia), Ebla (Donostia), El ágora de los libros (Donostia), Errabundia (Donostia), Generación X (Donostia), Garazi (Donostia), Hontza liburudenda (Donostia), Idatz librería diocesana (Donostia), Jiménez (Donostia), Zubieta (Donostia), Burbujas y Más (Eibar), Librería Yraolagoitia (Eibar), Pitxintxu (Elgoibar), Noski! (Errenteria), Xenpelar (Errenteria), Tinta Cómics (Irun), Beni (Pasaia), Garoa (Zarautz), eta Elkar (Arrasate, Bergara, Tolosa, Hernani, Irun eta Donostia).
2025eko Zilarrezko Euskadi Literatura Sarien kanpainari eta lan finalistei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu www.gipuzkoaliburudendak.com.


