Bi museo, historia partekatua: "Orratz-begia. Gerrako umeak" erakusketa inauguratu da Gernikan
Euskal Herria Museoak eta Gernikako Bakearen Museoak Gerra Zibilean Euskal Herriko umeek bizi izan zuten erbestealdiari buruzko erakusketa bat ireki dute aldi berean. Erakusketaren oinarria da, 1936ko gerran, Amerikara, Belgikara, Kataluniara, Frantziara, Britainia Handira eta SESBera ebakuatu ziren Euskal Herriko 34.000 umek baino gehiagok egin zuten bidaia, bai eta memoria hori hurrengo belaunaldiei transmititzea ere.
Orratz-begia. Gerrako umeak erakusketa aurkezteko ekitaldian izan dira, batetik, Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua, Euskal Herria Museoaren izenean, eta, bestetik, Jose Mª Gorroño Etxebarrieta Gernikako Bakearen Museoa fundazioko presidentea. Erakunde laguntzaileetako ordezkariek ere parte hartu dute: Intxorta 1937 Kultur Elkartea; Mónica Jato, Birminghameko Unibertsitateko irakaslea eta Memory as Transgenerational Care ikerketa-taldeko kidea, eta Josu Chueca, EHUko irakaslea.
Orratz-begia. Gerrako umeak / El ojo de la aguja. Gerrako Haurrak aldi baterako erakusketa da, eta aldi berean erakutsiko da Gernikako Bakearen Museoan eta Euskal Herria Museoan. Espainiako Gerra Zibilean atzerrira eraman zituzten Euskal Herriko 34.000 umek baino gehiagok bizitakoaren memoria berreskuratu eta ikusarazten du erakusketak, eta esperientzia hori belaunaldiz belaunaldi nola transmititu (edo isildu) den erakusten du ere.


