1.400 euskal boluntariok baino gehiagok parte hartzen dute Biobizkaiarekin biriketako minbizia goiz diagnostikatzeko europako azterketa batean

Argitalpen-data: 


      Biobizkaia_LuCIA.jpg
  • Biobizkaiak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Osasun Ikerketarako Institutuak bultzatutako LuCIA izeneko Europako proiektuak biriketako minbizia goiz diagnostikatzea erraztuko duen baheketa-eredu bat aztertzen ari da, arrisku-faktoreak identifikatzearen bidez
  • Programari esker, Osasun Ikerketarako Institutuak aldi goiztiar batean dauden lau minbizi diagnostikatu ditu; gainera, beste patologia larri batzuk detektatu dizkie 3 pertsonari

  • LuCIA proiektuari esker, Euskadi Estatuko —eta Europako— erreferente bihurtu da biriketako minbiziaren baheketa antolatuan, EBren gomendioei jarraikiz

Biobizkaiak, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Osasun Ikerketarako Institutuak LuCIA izeneko Europako proiektu aitzindaria bultzatzen du tumorerik ohikoenetako bat den biriketako minbiziaren baheketa goiztiarreko eredu bat aztertzeko. Euskadiko 1.400 herritar baino gehiago (hiru lurraldeetako boluntarioak) bildu dira arrisku-faktoreak identifikatzearen bidez diagnostiko goiztiarra erraztera bideratutako proiektu horretarako. Beraz, parte-hartzea arrakastatsua izan da. Programari esker, Osasun Ikerketarako Institutuak aldi goiztiar batean dauden lau minbizi diagnostikatu ditu; gainera, beste patologia larri batzuk detektatu dizkie 3 pertsonari.

LuCIA proiektuari esker, Euskadi Estatuko —eta Europako— erreferente bihurtu da biriketako minbiziaren baheketa antolatuan, Europar Batasunaren gomendioei jarraikiz. Gainera, osasun-sistemaren eraldaketa digitala sustatzen du prebentzioa, berrikuntza eta diagnostiko goiztiarra egiteko ekitatea uztartzearen bidez.

BIRIKETAKO MINBIZIAREN DETEKZIO GOIZTIARRA HOBETZEA

LuCIA (Lung Cancer Innovative Approach) proiektua Euskadik bultzatzen duen Europako ekimen aitzindari bat da, eta biriketako minbiziaren baheketa goiztiarreko eredu bat inplementatzea du helburu, ebidentzia zientifikoan oinarritua eta osasun-teknologia berritzaileekin indartua. Proiektuaren helburu nagusia da arrisku handiko biztanle taldeetan (hala nola erretzaile eta erretzaile ohi heldu samarrengan) biriketako minbiziaren detekzio goiztiarra hobetzea, ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) eta osasun-tresna digital berritzaileak erabiltzearen bidez.

Populazio-ikuspegi pertsonalizatua da, arriskurik handieneko pertsonei zuzendua, irizpide kliniko eta epidemiologiko baliozkotuak erabiltzen dituena. Horren bidez, esku-hartze eraginkorragoa eta efizienteagoa egin ahal izango da. Azpimarratu beharra dago proiektuak ospitaleak, lehen mailako arreta eta irudi bidezko diagnostiko-zerbitzuak inplikatzen dituela eta zitazio, miaketa, ebaluazio eta jarraipenerako zirkuitu arin bat egituratzen duela.

Ekimena Europar Batasunak finantzatzen du Horizonte Europa programaren barruan, eta proiektu pilotu gisa planteatzen da. Ildo horretan, haren bideragarritasuna eta pazienteen eta profesionalen onarpena ebaluatuko da, euskal osasun-sistema osora zabaltzeari begira.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)