Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko bost film eta New Directors saileko bi izango dira RTVE-Beste Begirada Sariaren hautagai
- Dolores Fonzi, Alauda Ruiz de Azúa, Milagros Mumenthaler, Xiaoyu Qin, Tribeny Rai, Emilie Thalund eta Alice Winocour zinemagileen lanak ariko dira lehian emakumeen errealitatetik gertuko gaiak jorratzeko modua saritzen duen golardoa beretzeko
- María Solana RTVEko kontseilariak, Gema Blasco zinemagileak eta Amaia Ereñaga kazetariak osatuko dute epaimahaia
Dolores Fonzi, Alauda Ruiz de Azúa, Milagros Mumenthaler, Xiaoyu Qin, Tribeny Rai, Emilie Thalund eta Alice Winocour zinemagileen filmak ariko dira lehian Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko RTVE-Beste Begirada Saria –XIX.a– beretzeko; hilaren 19an (osteguna) hasiko da Zinemaldiaren 73. edizioa. RTVEk –lehiaketaren babesle ofizialak–, urtero ematen dio sari hau arlo guztietan emakumearen errealitatetik gertuko gaiak lantzen dituen film luze bati; sortzaileek –nola emakumezkoek hala gizonezkoek– zuzendutako, interpretatutako edo idatzitako zinema bat, beren filmetan askotariko gaiak jorratzen dituztenak genero-ikuspegitik.
Aurtengo epaimahaia Maria Solana kazetari eta RTVEko kontseilariak, Gema Blasco zinemagileak –La Furia estreinatu duenak aurten– eta Amaia Ereñaga kazetariak osatzen dute. Epaimahaikideek Sail Ofizialean bost film aztertuko dituzte –Belén, Dolores Fonzirena (Argentina), Couture, Alice Winocourrena (Frantzia eta AEB), Jianyu laide mama / Her Heart Beats in its Cage, Xiaoyu Qinena (Txina), Las corrientes, Milagros Mumenthalerrena (Suitza eta Argentina) eta Los domingos, Alauda Ruiz de Azúarena (Espainia)– eta New Directors sailean bi –Chhora jastai / Shape of Momo, Tribeny Rairena (India eta Hego Korea) eta Vaegtloes / Weighless, Emilie Thalundena (Danimarka)–.
Saria larunbatean (hilaren 28a) entregatuko da Zinemaldiaren amaierako galan. Iaz Payal Kapaidaren All We Imagine As Light filma saritu zuten, eta aipamen berezia egin zioten Laura Carreiraren On Falling pelikulari.
RTVEk partaidetutako filmen lau estreinaldi-gala egingo ditu aurten, Zinemaldiaren 73. edizioan. Estreinaldiz betetako astea izango da, Parecido a un asesinato / Hidden Murder (Antonio Hernández), Ya no quedan junglas / The Gentleman (Luis Gabriel Beristáin), La cena / The Dinner (Manuel Gómez Pereira) eta La tregua / The Truce (Miguel Ángel Vivas) filmak ere emango baitira.


