Markeliņe, iXa eta Deabru Beltzak konpainiek eramango dute euskal kale-antzerkia Fira Tārrega azokara

  • Markeliņe, iXa eta Deabru Beltzak konpainiek eramango dute euskal kale-antzerkia Fira Tārrega azokara
    "Artilusio"

  • Euskal artistek nazioarteko arte eszenikoen ekosistemarekin harremana sortu eta ehuntzeko erreferente estrategikoa da Fira Tàrrega
  • Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Etxepare Euskal Institutuak eta Artekalek antolatuta, aurten ere "Basque. Performing Arts." jardunaldia hartuko du azokak irailaren 13an
  • Edizio honetan, euskal arte eszenikoetako 40tik gora profesional, programatzaile eta ordezkari bertaratuko dira azokara

Tarregako (Lleida) Fira de Teatre al Carrer azoka irailaren 11tik 14ra egingo da, eta Etxepare Euskal Institutuarekin duen lankidetzari esker, aurten Markeliñe, iXa, eta Deabru Beltzak konpainia eta taldeek jardungo dute azokan. Euskal ordezkaritza artistiko horrez gain, euskal arte eszenikoei eskainitako "Basque. Performing Arts." jardunaldi profesionala hartuko du jaialdiak irailaren 13an.

Markeliñe konpainiak Artilusio aurkeztuko du, zeinak ikusizko antzerkia eta artefaktu eszenikoak uztartzen dituen imajinazioaren boterea aldarrikatzeko. iXa-k, bestalde, Barruranzko begiradak kaleratuko du, ametsen unibertsoa abiapuntu hartuta surrealismoan sakondu asmo duen proposamena. Deabru Beltzak taldeak Su Talka ikuskizun ibiltaria plazaratuko du, perkusioa eta piroteknia baliatuta, ikusleak interpelatzen dituen eta eszenaren mugak gainditzen dituen erritu garaikidea.

Euskal konpainien parte-hartzea Etxepare Euskal Institutuak euskal sorkuntza garaikidearen nazioartekotzearekin duen konpromisoaren baitan kokatzen da. Testuinguru horretan, Fira Tàrrega erreferente estrategikoa da, ez bakarrik erakusleiho gisa, baizik eta euskal artistek nazioarteko arte eszenikoen ekosistemarekin harremanak sortu eta ehuntzeko, eta ikasteko aukera eskaintzen duen topagune gisa ere. Etxepare Euskal Institutuak urtero babesten du euskal sortzaileen presentzia azokaren egitarauan, arte eszenikoetako konpainien lanak kaleratzea eta sektorearen profesionalizazioa sustatzea xede. Hala, euskal konpainiek azokak eskaintzen duen proiekzioa, ospea eta kontaktu-sarea baliatzen dute. 

Basque. Performing Arts. 

Fira de Teatre al Carrer Tarregako azokarekin Etxepare Euskal Institutuak duen lankidetza egonkortu egin da azken urteotan, eta horren isla dira, alde batetik, "Basque. Performing Arts." stand-a jaialdiaren azoka-eremuan, eta, bestetik, Basque. Performing Arts. izeneko ekitaldi profesionala, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Etxepare Euskal Institutuak eta Artekale Euskal Herriko kale arteen elkarteak irailaren 13an Fira Tàrregan antolatuko dutena. Besteak beste, Andoni Iturbe Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak hartuko du parte. Elkarlan horren bitartez, euskal arte eszenikoaren sortzaileek nazioarte mailako programatzaileekin konektatzeko eszena partekatu bat sortzea da jardunaldiaren helburua, euskal artistek gerora beren lan eta ikuskizunak munduratu ditzaten, eta Euskal Herriko arte eszenikoen ehuna sendotu dadin.


  • DataIrailak 11
  • Gaia Arte eszenikoak