Ikusi "Zeru ahoak" miniserie noirraren trailerra
"Zeru ahoak" thrillerraren, Koldo Almandozek zuzendu duen lau ataleko miniserie noirraren, lehen aurrerapena. EITBren parte-hartzea duen telesaila Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioko Sail Ofizialean ikusiko da irailean, Emanaldi Berezietan, eta hilabete horren amaieran ikusi ahalko da EITBn, ETB1en eta Primeran plataforman, zinema jaialdiko atal horretan inoiz proiektatu den euskarazko lehen telesaila.
Koldo Almandozek (“Oreina”, “Sipo phantasma”, “Ahate pasa”, “Dinosaurioak”…) zuzendu du Harkaitz Canorekin batera idatzitako lana, “Hondar ahoak” telesailaren jarraipena, eta Nagore Aranburu da berriz protagonista, Nerea Garciaren azalean.
Aranbururekin batera, Josean Bengoetxea, Sara Cozar, Ramon Agirre eta Miren Gaztañaga ageri dira antzeztaldean, eta Aitor Etxebarria (“Hondar ahoak”, “Karmele”, “Intimidad”) arduratu da musikaz.
Nerea Garcia bolada txarra pasatzen ari da eta ez da bere Bilboko etxetik apenas ateratzen. Lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik. Erritualen batean hildako emakume baten gorpua agertzen denean, bere nagusi ohiak ikerketarekin laguntzeko eskatu dio. Nereak susmatzen ez duena da iraganeko eta orainaldiko mamuek hiriko estoldetara jaistera behartuko dutela, non ezer eta inor ez diren diruditenak.


