Donostia Zinemaldia 2025: "La misteriosa mirada del flamenco" filmak irabazi du Gehituk ematen duen Sebastiane Latino saria

  • Donostia Zinemaldia 2025:

La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo film luzeak –Diego Céspedes zinemagile txiletarraren lehen lanak, Horizontes Latinos sailari amaiera emango dionak–, irabazi du Gehituk (Euskal Herriko lesbiana, Gay transexual eta bisexualen elkarteak) ematen duen Sebastiane Latino saria. Epaimahaiak "Txileko mendeku eta fantasiazko road trip bati" eman dio saria, "maitatzeak ez lukeela inoiz zigorrik ekarri beharko gogorarazten diguna: ez zigor sozialik, ez Jainkoaren zigorrik". Epaimahaiaren aktaren arabera, "film honi eman diogu saria ezagutzen ez dugunari diogun beldurrak eragindako gorrotoa, batzuetan enpatiaren eta maitasunaren gainetik ipintzen diogula erakusteagatik".

LGBTIQA+ aldarrikapen eta balioen defentsa hobekien irudikatzen duen film luze latinoamerikarrari ematen zaio saria. Céspedesen filma beste lau finalistei gailendu zaie: Ato noturno (Marcio Reolón eta Filipe Matzembacher), Los inocentes (Germán Tejada), Llueve sobre Babel (Gala del Sol) eta Un mundo para mí (Alejandro Zuno).

Proiektu-fasean zegoela, La misteriosa mirada del flamencok Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen 2020an, eta postprodukzioaren saria lortu zuen bertan. Aurten, Cannesko Un Certain Regard saria irabazi ondoren, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailari amaiera emango dio. Diego Céspedesek Nest saria irabazi zuen El verano del león eléctrico (2018) bere lehen film laburrarekin, eta bigarrenarekin –Las criaturas que se derriten bajo el sol / The Melting Creatures izenekoarekin (2022)– Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta Zabaltegi-Tabakalera inauguratu zuen.

Ohi bezala, iaz Sebastiane Latino Saria irabazi zuen filma Gipuzkoako hainbat herritan emango da Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan, Gehituk Mugen Gainetik entitatearekin eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin egindako elkarlanari esker. Horrela, Marcelo Caetano zuzendari brasildarra Baby filmaren emanaldian izango da Errenterian irailaren 18an, Irunen 19an eta Deban 21ean.

Jarraitu irakurtzen


  • DataAbuztuak 25
  • Gaia Ikus-entzunezkoa