Bilbo bluesaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da, nazioarteko izarren emanaldi esklusiboekin

  • Bilbo bluesaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da, nazioarteko izarren emanaldi esklusiboekin

  • Ekitaldiak Texasko Jimmi Vaughan gitarrista ospetsua igoko du eszenatokira, Bilbao Blues Festival IV. Sariaren 'txapela' jasotzeko

  • Jaialdian arituko diren gainerako artistak honako hauek dira: The Kings of Blues, Blackburn Brothers, Terrance Simien & Zydeco Experience, Delanie Pickering, Vanessa Collier, Chicago Blues Summer Tour, Sweet Marta & The Blues Shakers, Al Dual, Martin Burguez & His Rhythm, Ray Collins' Hot Club eta bertoko Mississippi Queen and The Wet Dogs

  • Jaialdia guztiz doakoa da, eta kontzertuez gain estatuko Blues Challengeren finala ere hartuko du, uztailaren 24an, eta baita kontzertu pedagogikoak ere, Guggenheim Bilbao Museoan, uztailaren 25ean

Orain arte inoiz eskaini gabeko kontzertuak, emanaldi esklusiboak eta aparteko giroa. Bilbo bluesaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da aste honen amaieran, uztailaren 25etik 27ra, Bilbao Blues Festivalen eskutik. Genero horretako europar zirkuituko ekitaldi nagusietako baten laugarren edizio honen eszenatoki nagusia Areatza izango da, eta hamabi ikuskizun inguru eskainiko ditu, doako sarrerarekin.

Udalak bultzatuta eta Crazy Blues erakunde eragileak antolatuta, artisten kartel mardul eta garrantzitsu bat prestatu da, kontzertu esklusiboekin, bilatzen den helburua indartuz, alegia, Bilbo hiria maila goreneko gune bihurtzea bluesaren munduaren barruan. Kontxi Claver Bilboko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Enplegu eta Turismo zinegotziak azaldu duenez, "gure helburua zen udako eskaintza kulturala osatzea, programazio desberdin eta prestigiotsu batez, bluesa elementu nagusitzat hartuta; laugarren edizio honetan, esan dezakegu Bilbo estilo horren nazioarteko hiriburua izatera iritsi dela, europar zirkuituan bete-betean sartuz. Oso programazio garrantzitsua dugu, kalitatea eta kultura bilatzen dituen publiko fidel bat -ziur gaude horretaz- erakarriko duten nobedade eta sorpresekin".

Ekitaldiaren izar handienetako bat Texasko Jimmie Vaughan gitarrista ospetsua izango da; izan ere, lau Grammy sarien irabazle hau gure Hirira iritsiko da Estatuko kontzertu bakarra eskaintzeko eta Bilbao Blues Festival IV. Saria jasotzeko. Larunbatean izango da, 20:45ean: "Zerbait bereizten badu jaialdi hau beste batzuen aldean da berton inoiz ere jo ez duten taldeak ekartzearen alde egin dugun apustua, bai artista finkatuak eta bai etorkizun oparoko artistak. Edizio bakoitzean bat egon da gutxienez, eta aurten batzuk izango ditugu: Blackburn Brothers, Terrance Simien... eta, gainera, Jimmie Vaughanek kontzertu esklusiboa eskainiko du, hamarkada batez baino gehiagoz estatuko ezein eszenatokitan aritu gabe egon ondoren. Halaber, harro gaude bertoko talentuaren balioa nabarmentzeagatik", azpimarratu du ekitaldiaren zuzendari Carlos Mallesek.

Bilbao Blues Festivalek askoz ere musika on gehiago du bere egitarauan. Hala, publikoak izen handiko beste artista batzuez gozatu ahal izango du egun hauetan, hala nola The Kings of Blues (generoaren musikari historikoz osatutako superbanda), Blackburn Brothers kanadiarrak, etorkizun oparoko Delani Pickering iparramerikarrak, eta Terrance Simien beteranoa, zydecoren eta erritmo kreoleen nahaste bizi-biziarekin. Orobat, beste hauek ere izango ditugu gurekin: Vanessa Collier saxofonista, irrikaz espero dugun Chicago Blues Summer Tour, Martin Buerguez & His Rhythm Combo eta Ray Collins' Hot Club. Sweet Marta & The Blues Shakers eta Al Dual, eta baita bertoko Mississippi Queen and The Wet Dogs ere, egitaraua osatuz.

Jarraitu irakurtzen


  • DataUztailak 22
  • Gaia Musika