Bilbo antzerkiaren eta kaleko arteen agertoki handi bilakatuko da, Aste Nagusian, 23 ikuskizunekin
- Udalak programazio anitza, doakoa eta kalitatezkoa antolatu du Kale Antzokirako, abuztuaren 17tik (igandea) abuztuaren 24ra (igandea) bitartean
- Elkarbizitzaren Plaza eszenatoki gisa errepikatuko da, iazko edizioaren arrakastaren ondoren; programazioa osatzeko, familia-antzerkia egingo da arratsaldeetan, Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan
Kaleko Antzerkirako eta Arteetarako agertoki handi bilakatuko da berriro ere Bilbo, Aste Nagusian, 23 ikuskizunekin, 19 konpainiak taularatutakoak; horietako 7 Euskadikoak, 5 estatukoak eta 7 nazioartekoak izango dira. Horretarako enklabeak honako hauek izango dira: Elkarbizitzaren Plaza, aurreko edizioan espazio berri gisa arrakastaz estreinatu zena, eta Casilda Iturrizar Parkeko Pergola, arratsaldero programaziorik familiarrena hartuko duena.
Horrela, Bizkaiko hiriburuak kaleko arte eszenikoen onena hartuko du jaietan, abuztuaren 17tik 24ra bitartean, igandetik hurrengo igandera.
"Hilabete hauetan askotariko ikuskizunak biltzeko lan egin dugu: dibertigarriak eta kalitatezkoak, eta, jakina, doakoak; adin eta era guztietako ikusleek gozatzeko modukoak izan daitezen pentsatuta daude, bai familientzat, Doña Casilda Parkeko Pergolan, bai gustu eta adin guztietako publikoarentzat, hemen, Bizikidetzaren Plazan. Iaz arrakasta handiz estreinatu zen espazio gisa, harmaila naturala baitu eta eszenan gertatzen den guztia ikusteko ikuspegi onenak bermatzen baititu", nabarmendu du Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak, gaur goizean, Aste Nagusi 2025eko Antzerki eta Kale Arteen programazioaren xehetasunak azaldu dituenean.
Berarekin batera Orain-Bi konpainia egon da, Bilbon sortutako zirku-antzerki bikotea, Rodrigo Lacasak (Toli) eta Sara Álvarezek osatua. Biek diziplina akrobatiko ezberdinetan duten abilezia erakutsi dute; abuztuaren 18an, astelehenean, "Mute" ikuskizunean ikusgai izango den trebezia beraren aurreikuspena, hain zuzen ere.
Aste Nagusian izango diren 23 ikuskizunen adibide izan da berea. Akrobaziak, musika, magia, clown ikuskizunak eta askoz gehiago protagonista bihurtuko dituzte erakustaldiok jaietan, mundo osoko konpainia nabarmenen eskutik. Itziar Urtasunek nabarmendu duenez, sari ospetsuak merezi dituzten eta proposamen "berritzaileak" dituzten obrak izango dira aurten, hala nola tresna birtualekin labana jaurtitzea; ikusezin bihurtutako kolektiboei ikusgarritasuna ematen dieten obrak; musika klasikoko gai ezagunak, modu lotsagabean eta mugimenduan interpretatuak, eta diskurtso feminista "gaur-gaurko eta ezinbesteko" bati protagonismoa emango dioten beste batzuk.


