Eraikinetatik harago, OPEN 2025 programa sendotu egin da herritarren eta arkitekturaren arteko elkarrizketarako espazio gisa
- Irailaren 29tik urriaren 5era egingo da jaialdiaren bederatzigarren edizioa, espazio berezien irekiera, hitzaldiak, partaidetza-esperientziak eta arkitektura ulertzeko modu berriak uztartzen dituen programazioarekin
OPEN jaialdiak bederatzigarren edizioa beteko du aurten, eraikinak irekitzetik haratago doan proposamenarekin, eta arkitekturaren ulermen plural eta irekiaren aldeko apustua eginez.
Ekitaldiak arkitekturari buruzko begirada zabaltzen du, eta herritarrak gonbidatzen ditu eraikitakoa ez ezik, lanbideak eraldatzen ari diren prozesuak, diskurtsoak eta jardunbide berriak ere esploratzera.
2025eko edizioa irailaren 29tik urriaren 5era izango da, eta doako 100 jarduera baino gehiago izango ditu: espazio berezietarako bisitak, hiri-ibilbideak, instalazio iragankorrak, tailerrak, hitzaldiak eta arkitektura eguneroko bizitzarekin lotzen duten esperientziak.
ERAIKINETATIK HARAGO DOAN PROGRAMAZIOA
Arkitekturen Jaialdia lelopean, OPEN jaialdiak arkitektura-balio handiko espazio eta eraikinetara bisitaldiak egitea izango du oinarri, baina arkitektura ulertzeko, bizitzeko eta praktikatzeko modu desberdinen inguruan ezagutza-bideak irekitzera bideratutako ekimen berriak nabarmenduko ditu.
Aurten, jaialdiak protagonismoa emango die ikerketa berriei, lankidetza-prozesuei eta hurbilketa alternatiboei, gaur egun arkitekturan jarduteko askotariko moduak erakusten baitituzte.
Gainera, komunitatean hitz egiteko, esperimentatzeko, oinez ibiltzeko, ikusteko, marrazteko, jolasteko eta diseinatzeko espazioak sortuko dira, jaialdiaren ikuspegia zabalduz eta profesionalen, herritarren eta lurraldearen arteko topaketa sustatuz.


