Patxi Zubizarretak barnekoari eta egunerokotasunari buruzko nobela introspektiboa idatziko du Euskarazko Literatura Sorkuntzarako 2025eko Xabier Lete Bekari esker
- Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sustatutako Xabier Lete Beka euskarazko literatura-sorkuntza bultzatzera bideratuta dago, eta euskarazko idazleei beren literatura-proiektuan urtebete emateko aukera eskaintzen die, 70.000 euroko laguntzari esker
- Beka hau bi erakundeek talentu sortzailea eta, zehazkiago, euskarazko sorkuntza bultzatzeko hartutako konpromisoan sartzen da
Patxi Zubizarreta Dorronsoro idazlea da Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak bultzatutako Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekaren 2025. edizioko adituen batzordeak hautatutako egilea. 70.000 euroko dirulaguntza horren helburua da beharrezko baldintzak eskaintzea egile batek urtebetez osorik euskarazko literatura-proiektu bat idazten jardun dezan.
Zubizarretak aurkeztutako proposamenak, ebaluazio-batzordeak nabarmendu duenez, "idazkera dotorea eta aberatsa du, indar handiko prosa, eta erreferentzia mitiko eta literarioek tartekatzen dute". Bereziki baloratu da egileak norberaren eguneroko bizitzaren mundu sekretuan barneratzeko duen modua; vita minimaren alde egin du, anonimatuan geratu ohi diren gertaerak lehen planora ekarrita eta pertsonaien introspekzioa arakatuta.
Eleberrian, nabigatzaile batek etxetik alde egitea erabaki du, emaztea behatzeko. Nabigatzaileak uste du emazteak anakoreta batekin harremana duela. Eleberriak —hautaketa-batzordearen aktak nabarmentzen duenez— "bidaien imajinarioa eta lorategietako sinbologia uztartzen ditu, eta testuarteko sare aberatsa proposatu"; besteak beste, Herman Melville, Nathaniel Hawthorne, Emily Dickinson eta Henry Thoreau idazleak biltzen ditu.


