New York, XVI. JA! Jaialdiaren hiriburua

  • New York, XVI. JA! Jaialdiaren hiriburua

  • Aurtengo edizioa inoiz baino internazionalagoa izango da, eta "The New Yorker" aldizkariaren mendeurrena omenduko du hainbat egile gailenen eskutik, hala nola Jonathan Lethem eta Samanta Schweblin
  • Aurtengo nobedadeen artean, "El Sentido de la Birra" programaren zuzenekoa izango dugu, eta baita New Yorken inspiratutako festa ere, Joaquín Reyesek gidatuta
  • "Saul Steinberg, el signo errante" erakusketak artistaren bizitza eta obra erakutsiko dizkigu: Juan March Fundazioaren bildumako ehun obra inguru eta The Saul Steinberg Fundazioak duela gutxi utzitako pieza ugari bilduko ditu
  • Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdia urriaren 10etik 20ra egingo da Bilbon

Ja! Jaialdiaren hamaseigarren edizioa urriaren 9tik 20ra egingo da. Aurreko edizioaren ildo beretik, BBK Sala eta Bizkaia Aretoa-EHU izango dira 2025eko egitarauaren agertoki nagusiak, eta, aurten, gainera, Bilborock Aretoa, Iberdrola Dorrea eta Bidebarrieta Kulturgunea gehituko dira.

2025eko Ja! Jaialdiko egitarau osoa irailaren erdialdean argitaratuko da. Dagoeneko ohikoak diren egile nazional ezagunak eta inoiz baino egile internazional gehiago bertaratuko dira. Mota guztietako ikusleak erakartzeko jarduerak proposatuko dira, esparru jantziak eta herrikoiak uztartuz eta umorea ardatz gisa erabiliz. 2025eko egitarauak gazteentzako proposamenak ere biltzen ditu.

2010az geroztik, Jaialdiko historia eskuragai dago hemen: www.jafestival.com. Gainera, orain, jaialdiko jarraitzaileek «Ja! lagunak» bazkidetzan parte hartu, eta hainbat abantaila lortzeko aukera edukiko dute.

New York izango da egitarauaren eta Javier Jaenek marraztutako kartelaren gai nagusia

2025eko Ja! Jaialdia New Yorkeko hiriari dedikatu diogu, hiru urtemuga garrantzitsu betetzen direlako: "The New Yorker" aldizkari ikonikoaren mendeurrena, "Saturday Night Live" telebista-programaren 50. urtemuga eta Francis Scott Fitzgeraldek "The Great Gatsby" maisulana plazaratu zuenetik ehun urte igaro izana.

Beraz, ekitaldiak eta protagonistak nolabait ere lotuta egongo dira etxe orratzen hiri ezagunarekin, eta ez bakarrik eremu fisikoari dagokionez. Izan ere, alderdi emozionalarekin lotuta egongo dira batik bat —liburuak, filmak, komikiak eta obra artistikoak biltzen dituen imajinarioa horrekin, alegia— eta "New York State of Mind" deitu ohi zaion umorearekin ere bai —bi zentzuetan—.

XVI. edizioko kartela ere Javier Jaen artista grafikoak egin du. New Yorkeko taxi ezagunak gogora ekartzen dizkigun kolore hori biziaren gainean, King Kong basatia modu dibertigarrian irudikatu du, zuri-beltzeko zinema klasikoa eta kazetaritza newyorktarraren urrezko aroko egunkarien eta aldizkarien estetika islatzen dituen puntu-bilbearen bidez.

Orain arteko ediziorik internazionalenak "The New Yorker" aldizkariaren urtemugari omenaldia egingo dio

Jonathan Lethem, Peter Kuper eta Samanta Schweblin izango dira inoiz baino nazioarteko gonbidatu gehiago izango dituen edizio honetako protagonista gailenetako batzuk.

Jonathan Lethem (New York, 1964) narratiba garaikidearen baitan irudimen gehien duen idazleetako bat da. Haren obren artean, nabarmentzekoak dira "Huérfanos de Brooklyn" (2001) —Tourette sindromea duen detektibe berezi baten istorioa, Edward Nortonek 2019an zinemara eramana—, "La fortaleza de la soledad" (2005), "Chronic City" (2011), "Los jardines de la disidencia" (2014), "El detective salvaje" (2024), eta urrian aterako den "Brooklyn, una novela criminal", aurreko obra guztiak plazaratu dituen Random House argitaletxearen eskutik. Hain zuzen ere, edizio honetan mendeurrena betetzeagatik omenduko dugun "The New Yorker" astekarian idatzi ohi du Lethemek.

Astekari entzutetsuak kalitatezko kazetaritza eta literatura ditu bereizgarritzat, eta baita umorea ere. Harold Rossek, aldizkariaren sortzaileak, abiarazi zuen argitalpenaren azaletan eta binetetan nabaria den izaera ludiko hori, eta horrexek bereizten du aldizkaria garai berean sortu ziren batzuetatik, hala nola "Time" eta "Life".

Peter Kuper artista grafikoak (New Jersey, 1958) hogei urte baino gehiago daramatza "The New Yorker" aldizkarian kolaboratzen. Haren binetak maiz ikusten dira "The Nation" eta "Charlie Hebdo" argitalpenetan ere. Dozena bat liburu argitaratu ditu. Horien artean, aipatzekoak dira "Diario de Oaxaca" (Sexto Piso, 2009) eta "Diario de Nueva York" (Sexto Piso, 2011). Horrez gain, Joseph Conraden "El corazón de las tinieblas" eta Franz Kafkaren "Metamorfosia" literatura-lanak egokitu ditu. Haren azkeneko lana "Insectópolis" (Astiberri, 2025) da.

Samanta Schewblin 1978an jaio zen Buenos Airesen, eta Berlinen bizi da 2012az geroztik. Haren belaunaldiko idazle garrantzitsuenetako bat da. "Distancia de rescate" (2014) eleberriaz aparte, haren ibilbidean narrazio-lan laburrak dira nagusi; besteak beste: "Pájaros en la boca" (2008), "Siete casas vacías" (2015), "Kentukis" (2018) eta, azkena, "El buen mal", Seix Barral argitaletxeak aurten plazaratutakoa. Argitaletxe horrek berak haren lanetako asko berrargitaratu ditu. Schewblinen ipuinetako batzuk "The New Yorker" aldizkarian argitaratu dira.

Ikuskizunak: programa bikoitza

Aurtengo berrikuntzetako bat da ikuskizunetan saio bikoitza egingo dela. Sarrerak uztailaren 18an jarriko dira salgai, jaialdiaren web-orrian. Saio biak uztailaren 11n gauzatuko dira.

WEl Sentido de la Birra Live" izen bereko "El Sentido de la Birra" Youtube-kanal arrakastatsuaren hedapena da. Elkarrizketa-saioa da, eta Ricardo Moyak aurkezten du. Zuzeneko bertsioan, emanaldira arte isilpean gordetzen diren gai eta gonbidatu sorpresa bana ditu. Saioak 2021ean hasi zuen bira, eta Bilbon egingo da lehenbizikoz.

Bigarren ekitaldia Bilborock Aretoan egingo da. New Yorkeko Studio 54 klub mitikoan oinarrituko da, eta Joaquín Reyes izango da disko-jartzailea eta zeremonia-maisua. Studio 54 Manhattan-eko diskoteka ezaguna izan zen 70eko hamarkadan, eta pertsona famatuak ohikoak ziren bertan: Andy Warhol, Truman Capote, Mick Jagger, David Bowie, Cher, Salvador Dalí, Jerry Hall... Zaldi zurira igotako Bianca Jaggeren argazkiak eta beste hainbat irudi ikonikok girotuko dute ospakizuna, eta gonbidatuak mozorrotuta bertaratzera animatuko dira antolakuntzatik.

"Saul Steinberg: el signo errante"

Saul Steinberg (Râmnicu S?rat, Errumania, 1914 - New York, 1999) «idazle marrazkilaria» zen, hark zioen bezala, eta "The New Yorker" aldizkariaren azaletan eta barruko orrietan argitaratu zituen irudiengatik izan zen ezaguna. Hizkuntza bisual berdingabea sortu zuen, eta hainbat diziplinatan garatu. Haren lanetan umore fina, ikerketa ludikoa eta kritika burutsua nahasten ditu, ondare oparoa bezain poliedrikoa sortuz.

"Saul Steinberg, el signo errante" erakusketak haren bizitzari eta obrari buruzko ehun pieza inguru biltzen ditu: marrazkiak, pinturak, grabatuak, collageak, aldizkariak, liburuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak eta hiru dimentsiotako obrak. Haien bitartez, artistaren alderdi guztiak ikus ditzakegu. Erakusketa Ja! Jaialdiak eta Juan March Fundazioak batera produzitu dute, The Saul Steinberg Fundazioaren laguntzaz eta Iberdrolak babestuta. Sarrera doakoa da, eta urrian egongo da ikusgai EHUren Bizkaia Aretoko Axular aretoan.

Gaur arte egindako atzerabegirakorik garrantzitsuena da, eta Juan March Fundazioak 2024ko urritik 2025eko urtarrilera Madrilgo egoitzan antolatu zuen "Saul Steinberg, artista" erakusketan oinarritzen da. The Saul Steinberg Fundazioak egindako donazioari esker, Juan March Fundazioak artistaren funtsen bilduma zabala du, eta hortik datoz erakusketa honetako obra guztiak. Horietako asko lehen aldiz jarriko dira ikusgai. Bilboko erakusketaren ostean, Juan March Fundazioak Steinbergi buruzko erakusketa monografikoa egingo du Cuencako eta Palmako museoetan, bere bildumako funtsekin.

Erakusketa ibiltaria da, artistaren izaerarekin bat etorriz. Artearen eta literaturaren genero desberdinen arteko nahasketa Steinbergen obraren alderdi garrantzitsuenetako bat da, eta baita haren bizitzaren, garaiaren eta nortasunaren isla ere. "Saul Steinberg, el signo errante" erakusketaren izenburuak berak ezaugarri hori irudikatzen du, eta izen bereko Alicia Chillidaren entsegutik dator. Izan ere, Alicia Chillida izango da Juan March Fundazioak Madrilgo egoitzan antolatuko duen "Saul Steinberg, artista" erakusketaren komisario gonbidatua.

Erakusketak makina bat argazki biltzen ditu. Horien artean aipagarriak dira Leo Lionni eta Evelyn Hofer argazkilarienak, Steinbergen irudia eta garaia erretratuetan irudikatu zituztenak. "Saul Steinberg, el signo errante" aukera bikaina da pentsarazi eta gozarazi egiten gaituen artista honen ikonografia zoragarria ezagutzeko.


  • DataUztailak 15
  • Gaia Literatura