Urrian irekiko du berriro Arte Ederren Bilboko Museoak 1970eko eraikina

  • Urrian irekiko du berriro Arte Ederren Bilboko Museoak 1970eko eraikina

Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko egindako proiektua beste mugarri batera iritsiko da aurtengo urrian, 1970eko eraikinaren zaharberritzea amaitzen denean. Agravitas arkitektura berria eraikitzearekin batera egina –bi eraikinek Chillida plazatik eta komunikazio-gune bertikaletik izango dute sarbidea–, zaharberritze garrantzitsu honek gune honetan erakusketa- eta hezkuntza-jarduerak egitea ahalbidetuko du, aurtengo urritik aurrera, obren azken fasean.

1970eko eraikinaren zaharberritzea

Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoek proiektatu zuten 1963. eta 1970. urteen artean, Mies van der Roheren proposamenetatik hurbil dagoen nazioarteko lengoaiarekin. Arte Ederren Bilboko Museoaren lehen handitze hau hiriari arte garaikideenera bideratutako kultura-ekipamendu bat emateko sortu zen. Berritzeko duen bokazioari esker, Espainian arte garaikiderako eraikitako lehen eraikin berria izateko ohorea dagokio. Azken bost hamarkadetan, bere arkitekturak estatuko arte bildumarik garrantzitsuenetariko bat eta Euskal Herriko erakusketa egitaraurik dinamiko eta aurreratuenetako bat ikusi ditu hazten.

Zaharberritze integralak ia 6.000 metro koadrori eragin die; funtsean, egitura eta instalazioak administrazioek eskatutako segurtasun eta suteen aurkako babeserako egungo arauetara egokitzeko beharrari erantzuten dio, eta eskakizun eta konplexutasun handiko prozesu tekniko bat behar izan du, balio arkitektoniko handiko elementua delako. Esku-hartzeak eraikinaren ezaugarri esanguratsuenak nabarmendu ditu, baina denboran zehar izan dituen eraldaketak ezabatu gabe, hala nola jatorrizko atariaren itxiera, bi fasetan egin zena (1983 eta 1993), Rufino Basañezen eta Álvaro Libanoren diseinuaren arabera. Era berean, zaharberritutako eraikinaren komunikazio-nukleoak Agravitas handitze-bolumenerako balioko du, bikoizketak saihesteko eta eraginkortasun operatiboa errazteko.

Chillida plaza irekitzean eta museoko jarduera publikoa 1970eko eraikinera aldatzean, aurtengo urrian, Agravitas eraikinaren obren azken zatia hasiko da, eta, aldi berean, 1945eko eraikinaren eta Arriaga atari berriaren arteko pasabidea egingo da Pedro de Icaza y Aguirre atariaren eskailera monumentalaren azpian.

Jarraitu irakurtzen 


  • DataUztailak 11
  • Gaia Museoak, Ondarea