Bilbo, euskal kulturaren hiriburua Aste Nagusiko egun guztietan
- Abuztuaren 16tik 24ra bitartean, Bilboko kaleak beteko dira euskal folkloreari lotutako ehun jarduera baino gehiagorekin, hala nola Herri Kirolak, Euskal Dantzak, Erraldoi eta Buruhandiak, kalejirak, bertsolariak, traineruak, pilota eta bilbainadak
- Abuztuaren 24an, igandean, Emakumeen Eguna Herri Kiroletan ospatuko da, emakume kirolariak ikusarazteko helburuarekin
Euskal kulturaren eta herri kirolen hiriburu bihurtuko da Bilbo, berriro ere, Aste Nagusiko 9 egunetan, eguneroko egitarau zabalari esker. Horrekin guztiarekin, Bilboko Udalak euskal kultura, ohiturak eta nortasuna zabaltzeko apustua egiten jarraitzen du.
Ehun jarduera baino gehiagok osatuko dute aurtengo programazioa, eta Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak aurkeztu du gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Berarekin batera izan dira Catalina Melendez, Idoia Lekerikabeaskoa eta Jasone Akizu txistulariak, azken hori, 2024ko Bilboko inauterietako Zarambolas izan dena. Prentsaurrekoa Mariaren Bihotza Plazako Aztarnategian izan da; bertan, irailaren 14ra arte, hain zuzen ere, "Bilboko erraldoiak" erakusketa egongo da zabalik, irudimen herrikoiaren funtsezko figurak biltzen dituena. Berrogei urte baino gehiago daramatzate Uriko kaleak betetzen.
Txistuaren musikaz eta erraldoiez inguratuta, Urtasunek adierazi duenez, "Bilbon, euskal kultura ospatu, abestu, dantzatu, entzun eta gozatu egiten da. Txikiek, gazteek eta helduek egiten dute. Agertoki eta formatu desberdinetan egiten dugu. Horixe bera erakutsi nahi diegu Aste Nagusian bisitatzen gaituzten pertsona guztiei, gero eta internazionalagoa baitira gure jaiak; eta gainera, herritarrek euskal tradizioaz eta nortasunaz gozatzen jarrai dezaten lagundu ere nahi dugu. Elkar ezagutu eta ezagut gaitzatela, esatea gustatzen zaigun bezala".
Abuztuaren 16tik (larunbata) 24ra (igandea), Bilboko kaleetan, Alde Zaharra ardatz hartuta, era guztietako erakustaldiak, alardeak, kalejirak eta hamaika festa egongo dira. Horiei esker, euskal tradizioak, ohiturak eta kultura, berriro ere, protagonistak izango dira Aste Nagusian zehar, herritarren eta Bizkaiko hiriburura hurbiltzen direnen gozamenerako.
Eguneko egitarauan dantzak, Herri Kirolak, Erraldoiak eta Buruhandiak, bilbainadak, bertsolariak, traineruak eta pilota izango dira, besteak beste.


