Zirkozaurre, zirkuaren alderdi guztiak lantzen dituen espazioa, Bilbon

  • Zirkozaurre, zirkuaren alderdi guztiak lantzen dituen espazioa, Bilbon

Zirkozaurre Bilboko Zorrozaurre auzoan kokatutako espazio bat da, zirkuko arteetan bete-betean aritzen dena. Zirkua da % 100ean: bere ikuskizunak sortzen ditu, prestakuntza ematen du, egonaldi artistikoak eskaintzen ditu, eta, gainera, urtero jaialdi bat antolatzen du. Bere obrarik berrienak, Ardatzak, Umore Azokaren 2025eko edizioan Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria irabazi du. Elkarteak egiten duen lana hobeto ezagutu nahi izan dugu eta, horretarako, Inés Delgado presidentearekin eta Raúl García ikuskizunen banaketa eta komunikazioko arduradunarekin hitz egin dugu.


Zer da Zirkozaurre? Nola eta noiz sortu zen?

Gure inguruan zirkua hedatzen eta profesionalizatzen buru-belarri lan egiten duen Bilboko espazio bat da Zirkozaurre. Nahiz eta gure jatorria Kukutzaren urteetan kokatzen den, Errekalden, egungo proiektua 2012an sortu zen, Zorrozaurre auzoan. Bertan jarraitzen dugu gaur egun ere, 360º-ko jarduera garatuz, sorkuntza, prestakuntza, egonaldi artistikoen programa, bitartekaritza-proiektuak eta abenduko jaialdia barne.

(Zirkozaurre espazioa)


Zuen lehen ekoizpenak (VademekunMorse eta Akelarre) 2014an eman ziren ezagutzera. Zer ikasi zenuten, eta nola eragin zuen horrek ondorengo sorkuntzetan?

Artista bezala, eta pertsona bezala, aldatu egin gara, noski. Lehen ekoizpen horiek behar-beharrezkoak izan ziren alderdi guztietan ikasteko, bai sorkuntzan, bai ekoizpenean, bai eta jendaurreko eta arte eszenikoen merkatuaren aurreko aurkezpenean ere. Gazteagoak ginen, baina orain gogo horri eutsi eta esperientzia gehiago dugu. Hazten jarraitzen dugu, zirkua beti baita hobetzeko lekua.


Azken urteetan diziplinen arteko oztopoak gainditzen dituzten obren alde egin duzue. Hala sortu zenuten Tiempo (2019) ikuskizuna, zirkua eta dantza uztartzen dituena. Zein izan zen helburua?

Zirku garaikideak, edo gaur egungo zirkuak (guk horrela esatea nahiago dugu, handinahikerietatik urrunduz) badu ezaugarri bat: diziplinen arteko fusioa. Zirku-ikuskizunak geroz eta gehiago saiatzen dira dramaturgia sakontzen eta, aldi berean, beste arte batzuekin nahasten. Konexio hori gehienetan aberasgarria da, eta, gainera, ikusle berrien arreta pizten du. Hala, mugimenduak berebiziko garrantzia hartzen du, kasu batzuetan dantzaren bidez (mugimenduaren adierazpide gorena).

(Kobr3)


Adarrak (2019), pertsonaia mitologikoekin egindako festa handi bat (Akelarre lanaren eguneraketa), eta Kobr3, malabarak protagonista dituen muntaia, sortu ostean, 2023an beste urrats bat eman zenuten Harreman estreinatzean, zirkua, euskal dantza eta musika tradizionala uztartzen dituen formatu handiko ikuskizuna. Zer dela-eta erabaki zenuten garaikidearen eta tradizionalaren arteko lotura hori aztertzea?

Zirkozaurren malabarak eta mugimendua lantzeko laborategi bat dugu. Bertan esperimentatu egiten dugu eta, ia beti, horixe da gure ikuskizun berrien hazia. Gainera, gure ohiko artistetako bat, Imanol, dantzaria ere bada. Denbora generaman dantzetako pauso batzuekin eta pilota eta mazoen errutina batzuekin "jolasten". Hori gutxi ez eta Bilboko Txistularien Euskal Bandak lankidetza bat proposatu zigun. Hala, ondoren Harreman emanaldia bihurtuko zen materiala fintzeko unea zela erabaki genuen, 50 minutuko proposamen eszenikoa sortuz. Egiari zor, ikuskizun horrekin oso pozik gaude. Euskadin emanaldi asko egin ditugu, eta Estatuko azoka garrantzitsuetan ere egon gara, besteak beste Huescan edo Manresan.

(Harreman)


Zuen proposamenik berriena Ardatzak da, Umore Azokaren 2025eko edizioan Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria irabazi duen lana. Nola jaso duzue saria? Zer ikuskizun mota da Ardatzak?

Diaboloei eta zirkuaren munduari berari omenaldia egiten dion ikuskizuna da Ardatzak. Show honetan malabaren praktika koreografiatuak eta sinkronizatuak lantzen jarraitzen dugu (kasu honetan, diaboloak), baina beste osagai batzuk ere sartu ditugu, gure ustez oso erakargarriak direnak: proiekzioak, artistei edo zirkuko lanari buruz hitz egiten duten lokuzioak, era guztietako artistei egindako elkarrizketetatik aukeratuak, dramaturgia oso emozional bat, presentzia eta moldakortasuna ematen digun egitura handi batetik abiatutako eszenografia, musika oso zaindua, eta hainbat tramankulu eta sorpresa eszeniko deigarri.

Maiatzean estreinatu genuen kalean eta, bai, Umore Azokaren 2025eko edizioan Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria irabazi genuen. Oso pozik gaude. Zoriontsu eta eskertuta. Konpainia gisa indartu egiten gaitu, eta, gainera, liluragarria izaten ari den bira honetara emanaldi gehiago batzen lagunduko digula espero dugu. Esan beharra dago, horrekin lotuta, Ardatzak aretoko zirkuiturako prest egongo dela 2026ko hasieratik.

(Ardatzak)


Ikuskizunak sortzeaz gain, zirkuko ikastaro eta tailerrak eskaintzen dituzue. Nola orekatzen dituzue alderdi pedagogikoa eta artistikoa Zirkozaurren? Zein da, zehazki, eskaintzen duzuen prestakuntza? Nola baloratuko zenukete zirkuko arteen egungo prestakuntza?

Elkarri lotuta egon arren, alderdi pedagogikoa eta sortzailea autonomoak dira Zirkozaurren. Biak dira oso garrantzitsuak.

Prestakuntza-eskaintza zabala daukagu, besteak beste ohiko ikastaroak, tailer espezializatuak eta lanbide-prestakuntzako programak. Bizkaia osoko erakunde publiko, pribatu eta ikastetxeekin ere aritzen gara, eskolaz kanpoko jarduerak sustatu eta ikusle berriak zirkura hurbildu asmoz. Akrobaziak, aireko ariketak, orekak eta malabarak dira tailerren barruan ikasten diren diziplinak, betiere maila eta beharrizan guztietara egokituta.

Zirkuko arteen inguruan ematen den prestakuntzaren balorazioari dagokionez, gure ustez oraindik ere oso gutxi dira Estatu mailan prestakuntza-fasea bete-betean lantzen dutenak, hots, ikuspegi benetan profesionalarekin irakasten dutenak. Lastima da gure etorkizuneko artistak kanpora joan behar izatea prestakuntza jasotzera.

(Aireko akrobazien prestakuntza)


Haztegia programaren bidez egonaldi artistikoak eskaini eta zuen instalazioak alokatzen dituzue. Zein artista edo proiektu mota erakarri nahi duzue zuen egonaldien bidez?

Haztegia Egonaldi Artistikoak programaren bidez, artista edota konpainia profesionalak hautatzen ditugu, irizpide desberdinen arabera: beren proposamenen kalitatea eta berritasuna, zirku-diziplinen presentzia, bideragarritasuna, zuzendaritza eta abar. Hala, gure espazioa uzten diegu, bertan entseguak egin eta beren sorkuntza-prozesuetan aurrera egin dezaten. Horrez gain, zuzkidura ekonomikoa, feedback profesionala eta aholkularitza ematen dizkiegu kudeaketa, ekoizpen eta banaketan laguntzeko. 

(Bertikalen prestakuntza)


ZKZ Topaketa zirkuaren sektorean galdu ezin den hitzordua bihurtu da. Zein dira topaketaren helburuak, eta zein bilakaera izan du urteotan? Dagoeneko aurtengo edizioa prestatzen ari zarete?

ZKZ Topaketa abenduan egiten da. Ikuskizunen jaialdi bat baino gehiago topaketa gisa sortu zen. Hau da, hasiera batean, sektoreko topaketa gisa planteatu zen, eta COVIDaren ostean bilakatu zen orain dena. Azken urteetan prestakuntza espezializatuaz gain orokorra ere eman dugu Zirkozaurren, ikusle eta maila guztiei zuzendua, ikuskizunen programazio zabala eskainiz Bilborock aretoan. Oso leku berezia da, baina eszenatokiaren dimentsioak txiki geratzen zaizkigu. Horregatik, 2025ean gure espazioan emango ditugu tailer intentsiboak, baina emanaldien partea Zirku Gala handi bihurtuko dugu, Bizkaiko lau antzokitan ikusi ahalko dena: Leioan, Muskizen, Santurtzin eta Ermuan.

(ZKZ Topaketa)


Zirkuko arteen profesionalizazioa izan zen zuen hasierako motibazioetako bat. Zein da zirkuaren egoera, gaur egun, Euskadin? Zein dira bere erronka nagusiak?

Euskadin zirkua urrats garrantzitsuak ematen ari da. Heltzen ari da, hazten. Geroz eta konpainia eta prestakuntza-espazio gehiago daude, eta orain, gainera, sektoreko elkarte bat dugu: EZE. Guretzat irakaskuntza-mailan erronka nagusia zirku profesionaleko prestakuntza eskaini ahal izateko hornidura egokia duen espazio bat edukitzea da. Sorkuntzaren ikuspegitik, gure ustez euskal konpainiek ausartak izan behar dugu, arriskatu, ekoizpen konplexuagoak sortu, dramaturgia bezalako alderdiak sakonduko dituztenak eta, aldi berean, aretoko zirkuitua konkistatuko dutenak, oraindik ere zaila baitzaigu.


Eta zein amets bete nahiko zenukete etorkizunean arte eszenikoan diharduen konpainia eta espazio gisa?

Espazio gisa, ondo hornitutako zentro bat eduki nahiko genuke, sektorearen zerbitzura jarri eta herritar guztiei zabaltzeko. Eta konpainia gisa, urrats garrantzitsuak ematen ari gara. Orain hazten jarraitzea eta gure zigilua finkatzea da erronka. Zirkozaurre kalitatezko proposamenen sinonimo bihur dadila nahi dugu, edonork identifikatzeko modukoa.


(2025eko uztailaren 4an argitaratutako Berezia)