Gala Knörr: «Euskal diasporak irudikapen oparoagoa izan du dantzan eta gastronomian, arte garaikidean baino»
- Etxepare Euskal Institutuak babesturiko Frank Bidart katedrako azken artista egoiliarra dugu Gala Knörr, eta California State University Bakersfield unibertsitatean egindako egonaldiaz mintzo da elkarrizketa honetan
Gala Knörr ikertzaile eta artista izan da Etxepare Euskal Institutuak babestutako Frank Bidart katedrako 2025eko egonaldirako sortzaile hautatua. Aldez aurretik ikerketa- eta arte-egonaldiak egin izan ditu, besteak beste, Bilboko Azkuna Zentroan, Donostiako Tabakaleran, Parisko Cité International des Arts zentroan, Londresko Goldsmiths unibertsitatean, bai eta New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoan ere. Frank Bidart katedraren onuradun gisa, Knörrek La luz que nunca se apaga lan artistikoa gauzatu du, California State University Bakersfield unibertsitatean egonaldia eginda. Berarekin bildu da Etxepare Euskal Institutua bere lanaz, katedraren egonaldiaz eta arteaz orobat jarduteko.
Bete-betean zeharkatzen gaituen eraldaketa digitalaren aurrean, irudiak, beren esanahiak eta gogamen kolektiboan beroriek duten eragina dituzu aztergai. Ze garrantzi du zuretzat medioak, zinemak eta publizitateak kasu?
Aspaldidanik darabilt honako ideia hau buruan: kontakizuna kontrolatzen duenak boterea du. Irudiek ideia batez, istorio batez edo ekintza batez konbentzitu gaitzakete; alegia, gugan zerbait eragiteko gaitasuna dute. XX. eta XXI. mendeetan pentsamenduak, produktuak eta konbikzioak ahalbidetzeko gai diren istorio eta kontakizunak sortzen dituzten ekoiztetxe eta enpresa handiak ahobiko arma dira, hala zineman nola publizitatean. Irudiak izugarrizko boterea du, eta gaur egun are gehiago, Internetek eta sare sozialek difusiorako duten erraztasuna kontuan hartzen badugu.


