Trantsizioan jaiotako euskal emakume idazleen ibilbidea aztergai liburu batean

  • Trantsizioan jaiotako euskal emakume idazleen ibilbidea aztergai liburu batean
    Paloma Rodríguez-Miñambres, "Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985)" liburuaren editorea | Argazkia: Nuria González

  • EHUko Argitalpen Zerbitzuak ‘Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985)’ kaleratu du, zazpi sortzaileren obra aztertzen duen lan kolektiboa

Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuak belaunaldi bereko idazleen lana eta ibilbidea aztertzen du, emakumeek euskaraz sortutako literaturan izan duten ekarpena lehen planoan jarrita. Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez-Miñambres Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleek editatutako liburu honek azken urteetako euskal literaturan emakumeek sortutako lanen balioa nabarmendu nahi du, euren lanek lortu duten kalitate eta aitortza soziala azaleratuz, bai Euskal Herrian bertan, bai nazioartean ere.

Ikerketa hiru hautaketa-irizpidetan oinarritu da: aukeratutako idazleak 1970 eta 1985 artean jaiotakoak dira eta, kasu askotan, euren lanek beste hizkuntzetara itzulpenak izan dituzte eta 2018 eta 2022 urteen artean Euskadi Literatura Saria eskuratu dute. Liburuaren protagonistak Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Maixa Zugasti, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao dira. 

"Liburuaren helburua azken urteotan euskaraz ekoitzi egin den eta gaur egun ekoizten ari den literaturan emakumezkoek kalitate handiko lanak idatzi dituztela azpimarratzea eta Euskal Herrian zein hemendik kanpo jaso duten aitortza horren oihartzuna zabaltzea da. Halaber, idazleen ibilbide literarioari dagokionez, liburu gehiago idazten jarraituko dute, beraz, haienganako arreta piztu behar da, gaur egungo gaiak jorratzen, islatzen dituztelako haien obretan eta gure zeitgeist-arekin (garaiko espirituarekin) lotura egiten dutelako. Beraz, irakurle guztiei interesatu ahal zaizkie lan horiek", dio Paloma Rodriguez-Miñambresek, Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuaren editoreak.

Idazle hauek lotura argiak dituzte euren artean, nahiz eta bakoitzak bere estiloa eta ahotsa izan. Euren lanetan emakume izatearen esperientzia modu ezberdinetan lantzen dute: amatasuna, familia eta identitateak, bikote harremanak, genero berdintasuna, intimitatea...

Jarraitu irakurtzen

www.ehu.eus

  • DataEkainak 19
  • Gaia Literatura