KALEKA - Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiaren 35. edizioa uztailaren 4tik 6ra egingo da
KALEKA – Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia bere 35. ediziora iritsi da, arte garaikidea, parte-hartzailea eta berritzailea kalera ateratzeko apustuari tinko eutsiz. Uztailaren 4tik 6ra bitartean ospatuko den jaialdiak 13 ikuskizun eskainiko ditu Lekeitioko kaleetan zehar, tokiko eta nazioarteko konpainia ugariren eskutik.
Hiru eguneko jaialdia izateaz gain, KALEKAk urte osoko kultur egitarauaren parte izan nahi du, kultura kritikoa, feminista eta komunitateari lotutakoa bultzatuz. 1989an sortu zenetik, erreferente bihurtu da Euskal Herriko kale arteen panoraman, eta urte hauetan zehar bost kontinenteetako artisten lana hartu du Lekeitioko kaleetan.
Lau ildo, ikuspegi zabal bat
2025eko edizioak lau ildo nagusitan banatuko du programazioa:
- KALEKA Programa Ofiziala: Ikuskizunak, tailerrak, esku-hartzeak, performanceak eta bestelako formatu berritzaileak kalean bertan, Lekeitioko gune esanguratsu zein ezezagunetan.
- KALEKA Scratch: Sorkuntza-prozesuan dauden lanak erakutsiko dira, ikusleek eta artistek elkarrekin gogoeta egiteko espazioak eskainiz.
- KALEKAz Blai: Urtean zehar herritarrekin garatutako jarduera artistikoak: prestakuntza-prozesuak, ezagutza-trukeak, elkarrizketak eta tailerrak.
- KALEKARI: Adin guztietako publikoei zuzenduta, jaialdian sentsibilizazio eta gogoeta estetikorako jarduera gisa txertatzen da. Deialdi ireki baten bidez ikuslego talde bat jaialdiaren jarduera paralelo batera gonditatuko dugu, non ikusleek eta artistek arte-jardunari buruzko jakin-mina eta ezagutza trukatzeko aukera izango dute.
Aurtengo programazioa: aniztasuna eta kalitatea
Jaialdian 13 ikuskizun eskainiko dira, horietatik 10 Programa Ofizialean eta 3 KALEKA Scratchean.
KALEKA Ofizialaren barne honako hauek izango dira: Enbata (Euskal Herria), Soon Company (Finlandia / Kataluña), Mama Crea (Euskal Herria), Cía Jimena Cavalletti (Balentzia), La Pez (Euskal Herria), Mimeoost (Holanda), Barolosolo (Frantzia), Komorebi Kolektiboa (Euskal Herria), Atx Teatroa (Euskal Herria) eta Goitibera (Euskal Herria)
KALEKA Scratch atalean, berriz, honako hauek arituko dira: Papito (Frantzia), Hembrax Kolektiboa (Euskal Herria), Niñas Malditas (Madril).


