Fermin Leizaola etnografoa zendu da
- 81 urte zituen Euskal Herriko artzaintzaren kultura ikertu eta dokumentatu zuen gizonak. Aranzadiko Etnografia sailaren zuzendari izan zen, 45 urtez, eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen 2018an
Fermin Leizaola etnografoa zendu da, 81 urte zituela, hainbat eta hainbat urtez Euskal Herriko artzaintzaren kultura ikertu eta milaka pieza jaso eta dokumentatu ondoren.
Euskal landa inguruko usadioen ikertzaile, Fermin Leizaola artzainen etnografoa 81 urterekin hil da. 15 urterekin eman zuen izena Aranzadi Zientzia Elkartean. Minereologia eta Espeleologiarako interesa zuen ordurako, baina, elkartearen baitan sail hura desegin berria zela-eta, Historiaurreko taldera batu zen. Berak hartu zuen, orduan, Espeleologia saila berpizteko ardura: dozenaka kobazulo ikuskatu, neurtu eta katalogatu zituzten ingurua ondoen ezagutzen zutenen laguntzarekin, artzain eta baserritarrekin.


