Game.eus bideojokoen kampusean bizkortutako proiektuak stand propioarekin erakutsiko dira sektoreko Europako azoka garrantzitsuenetan
- Programak "jauzi kualitatiboa" ematen du, bost jokoak espazio bereizi batean aurkeztuta, Koloniako industriaren nazioarteko topaketa garrantzitsuenaren barruan (GAMESCOM) eta Bartzelonako BCN GAME FEST azokan
- Hiru euskal taldek, galiziar batek eta katalan batek, osatzen dute GAME.EUSen VI. edizioa, ekainaren 10ean hasi eta uztailaren 23ra arte
- Campusak taldeen bultzada profesionalizatzailearen aldeko apustua sendotu du, plataformak eta garatu beharreko negozio-eredua handituz, bai eta tokiko sorkuntzaren aldeko lehentasuna ere
- Bideojokoen sektoreak 2.408 milioi euro fakturatu zituen iaz, aurreko urtean baino % 3 gehiago, eta erabiltzaile-erkidegoak 22 milioi jokalariko zifra errekorra lortu zuen
GAME.EUS bideojokoen azeleragailu-campusaren VI. edizioa ofizialki aurkeztu da gaur, berrikuntza garrantzitsuekin, parte hartzen duten taldeen aukera profesionalak areagotzeko eta, horrela, Euskadiko sektorea indartzeko. Hiru euskal taldek, bata katalana eta bestea galiziarra, osatzen dute programa trinko hau, ekainaren 10etik uztailaren 23ra bitartean, Gasteizko Unibertsitatean (EUNEIZ). Oraingo honetan, azeleratutako bost proiektuak stand propioarekin erakutsiko dira Koloniako Gamescom azokan eta Bartzelonako BCN Game Festen.
David Darnés GAME.EUSeko zuzendari exekutiboak azaldu duenez, "Europan sektoreko bi azoka garrantzitsuenetan espazio esklusibo bat izatea jauzi kualitatiboa da campusaren helburu estrategikoentzat, balio bereizgarria da, eta nabarmen igotzen ditu parte hartzen duten taldeen igurikimen profesionalak, eta aukera paregabea hautatutako bost proiektuek beren jokoak nazioarteko industriaren aurrean erakusteko".
Aurreko edizioan oinarriak birformulatu ondoren, GAME.EUSek bere ikuspegi profesionalizatzailea sendotu du garatu beharreko plataformak eta negozio-ereduak zabalduz, bai eta tokiko sorkuntzari lehentasuna emanez ere. "Hiru euskal talderen parte-hartzea pozgarria da programa publiko honen helburuetarako, Araban eta Euskal Autonomia Erkidegoan berrikuntzan eta sormenean oinarritutako ehun ekonomikoa sustatu eta sendotu nahi baitu, bideojokoaren industriaren ezaugarri diren zutabeak baitira", azpimarratu du Darnések.


