Bilboko Kalealdia jaialdiak 35 antzerki eta kaleko arte konpainien 59 emanaldi antolatu ditu ekainaren 30etik uztailaren 5era

  • Bilboko Kalealdia jaialdiak 35 antzerki eta kaleko arte konpainien 59 emanaldi antolatu ditu ekainaren 30etik uztailaren 5era

  • Jaialdiaren 26. edizio honetan 35 konpainiak hartuko dute parte, horietatik 15 Euskal Herrikoak –7 Bilbokoak–, 12 estatukoak eta 8 nazioartekoak
  • Casilda Iturrizar Parkea, Arriaga Plaza, Areatza eta Bizkaia Aretoa – UPV/EHU izango dira aurtengo agertokiak
  • Berrikuntza gisa, 2025eko edizio honetan hainbat jarduera parte-hartzaile antolatu dira kaleko artisten eta ikusleen arteko topaketa sustatzeko
  • Gargantuak eta bi foodtruck-ek osatzen dute Casilda Andrearen inguruko eskaintza kulturala; bertan, Toño Valdiviesoren "Bilboko Kalealdiako lorategia" ere instalatuko da, parkerako soilik sortutako instalazioa

Bilboko Udalak urtero antolatzen duen BILBOKO KALEALDIA Antzerki eta Arte Jaialdiak 26. edizioa jarriko du abian ekainaren 30etik, astelehena, uztailaren 5era, larunbata. Guztira genero anitzeko eta adin guztiei zuzenduriko 59 ikuskizun eskainiko ditu.

Egitarau osoa gaur goizean aurkeztu da Casilda Iturrizar parkean, Jaialdiaren agertoki nagusietako batean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Pedro Ormazabal BILBOKO KALEALDIAko zuzendariak parte hartu duten prentsaurrekoan.

Zinegotziak adierazi duen bezala, "antzerki eta kaleko arteen jaialdi hau publiko guztiarentzat irisgarria izatea nahi dugu, bilbotarrek edizio honetarako antolatu ditugun ikuskizunez modu aktiboan gozatu ahal izan dezaten. Era berean, topaketa kultural honek konpainiei, beteranoei zein hasiberriei, euren lanak etengabe erakusteko agertoki bat eskaintzen die. Hori da bidea, Bilboko auzo guztiek kultur ekitaldi mota desberdinak hartzea, formatu desberdinetan eta herritar guztiei irekita".

Bi udal ordezkariekin batera, Libre eta Manttalingo alaba ikuskizunen arduradunek hartu dute parte aurkezpenean. Biak dira kaleko arteetan ematen diren estiloen aberastasunaren adibide – txotxongiloak lehena eta errezitaldi musikatua bigarrena–.

26. edizio honetan, Europako hainbat herrialdetako zortzi konpainia izango dira Jaialdian eta normalean hirian ikusten ez diren ikuskizunak aurkeztuko dizkiete ikusleei. Soul Project, Compagnie Super Super, Claire Ducreux, Pikz Palace eta Facile D 'exces Cie frantsesen kasua da. Belgikatik Chaussons Rouges (Compagnie Des) dator Maleta Company & Balancetoi Cie-rekin batera; eta Concorda Portugaldik dator.

Estatuko ordezkaritza hamabi taldek osatzen dute: Llum de Fideu, Escarlata, Psirc Cía, Pau Palaus, La Corcoles, Leandre Clown, Kolektiv Lapso Cirk eta Guillem Albà Kataluniatik; Chicharrón Circo Flamenco Andaluziatik dator; La Fam Produccions Valentziako Erkidegotik hurbiltzen da (eta jaialdiaren programazioa ixteko ardura izango du Ambulant ikuskizunarekin); Ddcdanza- Daniel Doña Madrildik dator eta Qabalum Nafarroatik.

BILBOKO KALEALDIA Jaialdiari esker, Udalak laguntza ematen die euskal konpainiei, programazioaren ateak irekiz. Oraingo honetan, hamabost taldek hartuko dute parte: Mama crea (Desiderata ikuskizunarekin Jaialdia inauguratuko du), Komorebi Produkzioak, Nimú, Markeliñe, La Pez, ATX Teatroa, Arriera, Manttalingo Alaba, Harrobi Dantza Bertikala, Hika Teatroa, Kukai Dantza, Zanguango Teatro, Trotamundos Cía. eta Barsanti Cía. Horietatik zazpi Bilbokoak dira.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, Kataluniako Escarlata konpainiaren Devoris Causa izan ezik. Kasu horretan sarrerak erosi beharko dira 3 eurotan www.bilbokalealdia.eus webgunean. Emanaldiaren diru-bilketa Zaporeak Solidario Garapenerako Elkarteari emango zaio. Ikuskizun hau ahateen urmaelaren inguruan (4. gunea) ikusi ahal izango da ekainaren 30ean (18:00 eta 21:00) eta uztailaren 1ean (18:15 eta 21:15).

Jarraitu irakurtzen


  • DataEkainak 12
  • Gaia Arte eszenikoak