Ruth Asawa, Jasper Johns, Steve McQueen eta Dan Flavin, Guggenheim Bilbao Museoan 2026an
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu egin da gaur Imanol Pradales Lehendakari jauna buru zela, eta honako hauek izan dira bileran: Elixabete Etxanobe andrea, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Ibone Bengoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Lehen Lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua; Leixuri Arrizabalaga andrea, Euskara, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputatua; Juan Mª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Jon Azua jauna, euskal instituzioen ordezkaria Solomon R. Guggenheim Foundationen Patronatuan; Juan Ignacio Vidarte jauna, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Emeritua; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak; Mariët Westermann andrea, Solomon R. Guggenheim Foundation & Museumen Zuzendaria; eta apirilean kargua hartu zuenetik lehenengo bilkura izango duen Miren Arzalluz andrea, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia.
Bilera hasteko, Museoak aurtengo ekitaldian zehar izandako jarduera aztertu dute: gaur arte 476.795 bisitari hartu ditu, urte-tarte honetarako aurreikusitakoa baino % 29 gehiago, 2024an data bererako metatutako kopurua baino % 5 gehiago, eta 2023an baino, hau da, Museoak inoizko bisitari gehien izan zuen urtean baino % 7 gehiago. Bisitari horien jatorri geografikoari erreparatuz gero, % 63 atzerritik etorriak izan dira, bereziki Frantziatik (% 15), ohi denez, baita Erresuma Batutik eta Alemaniatik ere. Espainiar estatutik etorritako bisitariak, berriz, % 37 izan dira, eta horietatik % 16 EAEkoak izan dira.
Artearen eta kulturaren inguruan ardaztutako Community kolektiboak ere hazten jarraitu du 2025ean zehar: besteak beste Lagunak, Jarraitzaileak eta ERDU programaren onuradunak biltzen dituen komunitate horrek 374.782 kide dauzka guztira, 2024 amaieran baino ia 30.000 gehiago. Ekitaldi honetan Museoaren Lagun moduan izena eman dutenen % 12,26 Communityko Jarraitzaile izandakoak dira, erakundearekiko konpromisoa indartu duten kideak, alegia; hartara, txosten hau idazteko momentuan 24.281 dira Museoaren Lagunak.
Enpresa-munduak Museoarekiko duen engaiamenduak ere gora egin du urteko lehen bost hilabeteotan, eta une honetan 139 erakundek osatzen dute Kide Korporatiboen Programa, 10 kide berri sartu baitira aurten.
Bilkuran, Museoa 2026rako lantzen ari den erakusketa-proiektuen aurrerapen bat aurkeztu diote Patronatuari, tartean arte moderno eta garaikidearen ordezkari diren lau artista nabarmeni eskainitako erakustaldi monografikoak. Horietan lehenak Ruth Asawa artista estatubatuarraren lana jarriko du ikusgai, hots, Bigarren Mundu Gerraren ondotik AEBn izan zen sortzailerik dohatu eta emankorrenetako batena. Bigarrena 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetako AEBko arte plastikoen eszena eraberritu zuen Jasper Johns artistari buruzko atzerabegirako garrantzitsu bat izango da, bere garaikideentzat ez ezik oso joera estetiko ezberdinetako belaunaldi berrientzat ere inspirazio-iturri izandako sortzaileari eskainia.


