Bueltan da UDA GIRO, Durangoko San Agustin Kultur Gunearen udako programa, ekainaren 22an hasiko dena
- Aurtengo programazioak doako 12 ikuskizun jasotzen ditu, dantza, antzerki, musika, zirku, magia, bertsolaritza eta zinema jarduerekin, ekainaren 22tik abuztuaren 30era
Durangoko Udalak eta San Agustin Kultur Guneak 2025eko UDA GIROren programazioa aurkeztu dute. Ekainaren 22tik abuztuaren 30era izango da eta doako 12 ikuskizun hartuko ditu. Aire zabaleko arte eszenikoen programazio honek hiriko espazio publikoetan herritar guztiei kultur esperientzia paregabea eskaintzea du helburu. Dantza, antzerkia, musika, zirkua, magia, bertsolariak eta zinema izango dira, Durango kultura irisgarrirako eszenatoki handi bihurtuz.
Egitaraua Aukeran Dantza Taldearen Aiurri dantza ikuskizunarekin hasiko da ekainaren 22an, Otamotzena Parkean.
Azpimarratzekoa da La Maleta Company & Cie Balencetoi konpainia belgikarrak uztailaren 11n Durangon geldialdia egingo duela. Claudette zirku eta antzerki ikuskizun saritua ikusteko aukera izango den herri bakanetako izango da Durango.
Aurtengo berrikuntza gisa, GAUEKO UMORE SAIOAK izeneko programazioaren baitan, bi ikuskizun izango dira helduentzat, gaueko 10etan hasiko direnak. Lehena gaztelaniaz izango da, Zanguango Teatro taldearen eskutik, El peor espectáculo del mundo, de momento!!! izenekoa, uztailaren 19an. Ikuskizun horrek Leioako Antzerki Azokan aipamen berezia lortu berri du. Bigarrena Ana Goitia monologistaren Katana euskarazko ikuskizuna izango da, uztailaren 25ean.


