Santa Maria Katedrala, 25 urte ondarea zaharberritzen Europan erreferente, jendeari irekita
- Imanol Pradales: "Gasteizko Santa Maria Katedrala sinboloa eta harro egoteko arrazoia da gaur egun Euskadirentzat"
- Lehendakariak Arabako ahaldun nagusiarekin batera bisitatu du Gasteizko Santa Maria Katedrala, Fundazioaren sorreraren 25. urteurrenean
- 2000. urteaz geroztik, 2 milioi bisitari baino gehiago igaro dira tenplu gotikotik, lanen bilakaera bertatik bertara ikusteko eta Arabako hiriburuaren historia ezagutzeko
Lehendakariak Gasteizko Santa Maria Katedrala bisitatu du gaur goizean, haren Fundazioaren 25. urteurrena ospatzeko. Ekitaldian, Imanol Pradalesek bertatik bertara ezagutu ditu tenplu gotikoa zaharberritzeko lanak, Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari-gerentearekin, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiarekin eta Javier Hurtado Turismoko sailburuarekin batera, besteak beste.
Hainbat geldialdi egin dituzte ditu bisitan. Katedralaren zorupean hasi da, kriptan, eta bertaratutakoek katedralaren zimenduak eta bertan dauden aztarna arkeologikoak ezagutu dituzte. Ondoren, bisitariak Katedraleko nabetik pasa dira, lehenengo, erronda-pasabidera igotzeko, eta, ondoren, triforiora eta estalkipeko espaziora. Ibilbidea dorrean amaitu dute, eta bertatik Arabako hiriburuaren panoramika ederraz gozatu dute.
Lehendakariaren hitzetan, egindako lana harro egoteko arrazoi bat baino gehiago da. "Arriskatzea eta moldeak haustea erabaki zenuten", azpimarratu du Imanol Pradalesek, duela 25 urte ondarea zaharberritzeko eta berreskuratzeko beste modu bat bultzatzeko egin zen apustua gogoratzean. "Kultura-ondarea gizarte-kohesiorako eta garapen ekonomikorako eragile bihurtu duzue, eta modu erabakigarrian lagundu duzue Gasteizen eraldaketan eta Hirigune Historikoaren berreskurapenean", azpimarratu du, eta ondorio hau atera du: "Katedral zaharra sinboloa eta harro egoteko arrazoia da gaur egun Euskadirentzat. Nire esker ona helarazi nahi dizuet Fundazioko kide izan zareten erakunde eta norbanako guztiei, erakutsi baituzue ondareak ez duela izan behar zerbait estatikoa edo opakua, dinamikoa eta irekia baizik. Denona den hori denon zerbitzura jartzeagatik".


