Anton Abadiaren biografia euskaratu eta berrargitaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak lankidetzan
- Euskarara eta frantsesera ekarri dute Iñigo Sagarzazu Altunak 1997an plazaratutako Abbadie. El sabio y su tiempo. Abadia Sariaren 25. edizioa dela eta sustatu dute berrargitalpena, geografo, hizkuntzalari eta euskaltzale "gogoangarriaren biografia honen kalitatea" aitortuz
Iñigo Sagarzazu Altunak (Hondarribia 1963 - 2004) Anton Abadiari buruz idatzi zuen biografia berrargitaratu eta aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean, Abadia Sariaren 25. edizioa ospatzeko antolatutako egitarauaren barnean. Euskarara eta frantsesera ekarri dute ikerlari eta sortzaile hondarribiarrak geografo, hizkuntzalari eta euskaltzale handiaren inguruan idatzi zuen liburua eta, gisa horretan, Sagarzazuk egindako lanaren "kalitatea" aitortu nahi izan dute.
Abbadie. El sabio y su tiempo izenburupean argitaratu zuen 1997an Iñigo Sagarzazuk Abadiaren biografia, gaztelaniaz, hamar urtez ikertzen jardun ondoren. Fikziozko ikus-entzunezko bat prestatzen ere luze aritu zen. Lan hura 1988an filmatu zen, Abadia jauregian bertan, Hendaian, baina hainbat arazo tarteko zirela, bukatu gabe geratu zen. 2004. urtean hil zen Sagarzazu eta liburuaren maketa zein irudiak galdu egin ziren. Berreskuratzen lan nekeza egin ondoren, baina, 2019an berrargitaratu zen, edizio txiki batean. Orain, Aldundiak eta Elkar argitaletxeak lankidetzan berrargitaratu dute aurreko edizioak agortuta egonik, "Abadia gogoangarriaren biografia honen kalitatearen aitortza" egin asmo dutelako. Euskaraz eta frantsesez ere argitaratu dute lehen aldiz.


