"Muina" 2025: Kultura-jardueren poltsa
Lazarraga Kultur Elkarteak Izaskun Arrue Kulturgunean Muina izeneko proposamen-poltsaren deialdi berria aurkeztu du, Arabako euskarazko kultura-sorkuntza sustatzeko helburu argiarekin. Deialdi hau adin nagusiko arabar guztiei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek banaka edo taldeka aurkeztu ditzakete beren ideiak eta proposamenak.
Muina, euskaraz, zerbaiten zatirik barnekoena da, eta horixe izan nahi du deialdi honek: Izaskun Arrue Kulturgunearen muina bera osatuko duten kultur egitasmoak hautatu eta programatzeko tresna. Ideia hori oinarri hartuta, MUINA egitasmoak IAKren bizkar-hezurra izan nahi du. Deialdiaren logoan grafikoki adierazten den moduan, eraikineko antzokiko zutabeetatik abiatu, kulturguneko programazioa egituratuko duten ornoak sortzeko, espazio fisikoa eta edukia batuz.
Abiapuntu honetatik zazpi proposamen bilatzen dira oraingoan: hiru ikuskizun (kontzertu, antzezlan eta gainontzeko arte bizietako bana), ikus-entzunezko proiekzio bat, hitzaldi bat, ikastaro bat eta lantegi bat. Aukeratutako proposamen bakoitzak, formatuaren arabera, ordainsari ekonomikoa jasoko du eta 2026an gauzatuko dira Izaskun Arrue Kulturgunean, euskaraz eta bertako baliabideak erabiliz.
Izena emateko epea 2025eko uztailaren 31ra arte egongo da irekita. Parte-hartzaileek inprimaki honen bidez egitasmoaren deskribapen laburra, formatua eta bestelako eranskin lagungarriak (irudiak, bideoak, gidoiak...) aurkeztu behar dituzte.
Muina deialdia Izaskun Arrue Kulturgunearen lan-ildo estrategikoen barruan kokatzen da: sorkuntza bultzatzea, euskal kulturaren erakusleiho izatea, prestakuntza eskaintzea, hausnarketa sustatzea eta kultur bizipen gozagarriak eskaintzea. Helburua, jarduerak programatzetik harago, tokiko sortzaileei beren ibilbidean laguntza ematea, eta euskararen erabilera kulturaren bidez sustatzea da.
Informazio osoa, oinarriak eta izen-ematea esteka honetan aurkitu daitezke.
Laburrean
- Epea 2025(e)ko Ekainak 4(e)tik 2025(e)ko Uztailak 31(e)ra
- EntitateaLazarraga Kultur Elkartea
- Deialdi-motaParte-hartzerako deialdia
- SektoreaArte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Bestelakoak
- Deialdia OINARRIAK
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.


