Egitarau ugaria eta anitza prestatu du Euskaltzaindiak Gabriel Arestiren ekarria ezagutarazi eta balioesteko bere heriotzaren 50. urteurrenean

  • Egitarau ugaria eta anitza prestatu du Euskaltzaindiak Gabriel Arestiren ekarria ezagutarazi eta balioesteko bere heriotzaren 50. urteurrenean

  • Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau oparoa antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zen hura omentzeko eta beronen ekarria goresteko
  • Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean prestatu du egitaraua, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EiTBren eta BBKren babesa duelarik

Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazle eta euskaltzain urgazlea 1975eko bagilearen 5ean zendu zen, 41 urte zituela. Urtemuga hori kontuan izanda, Euskaltzaindiak xx. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zen hura omentzeko eta beronen ekarria goresteko hainbat ekitaldi antolatu ditu Bilboko hiruburuan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EiTBren eta BBKren babesa jaso du.

Euskararen Akademiaren egoitzan egin den prentsaurrekoan aletu dira egitarau ugariaren nondik norakoak. Bertan izan dira, Gabriel Arestiren senideak; Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua; Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia; Igone Zabala eta Patxi Juaristi (EHU); Vanessa Fernandez (EiTB); Xabier Monasterio (Gabriel Aresti Kultura Elkartea), Gorka Martinez (BBKko zuzendari nagusia), Carmen Martínez (Bilboko Koralaren zuzendaria) eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Andres Urrutiak ekainean hasi eta abendura arte luzatuko den egitarauaren helburua zein den azpimarratu du agerpenean: «Oro har, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia. Izan ere, euskal herritar asko dago oraindik ere Aresti nor izan zen ez dakiena, ez eta hark euskal literaturari egindako ekarpen garrantzitsua ezagutzen ez duena ere. Hortaz, Arestiren ekarria balioan jarri nahi dugu, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz». Baina euskaltzainburuak bestelako helburu bat ere aipatu du bere berbaldian: «Herri handi eta hiriburuek euskararen biziberritzean duten zeregina azpimarratu nahiko genuke. Euskara eta euskal kultura askotarikoa dela erakutsi nahi dugu eta askotarikoen artean ehuntzen dela bistaratu. Denon euskara nahi dugu, eta denontzat».

Hori dena betetzeko, hamar ekimen aurreikusi dira (hitzaldiak, antzerki-saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu-aurkezpenak), ondorengo sei hilabeteotan gauzatuko direnak.

Ikusi egitarau osoa


  • DataEkainak 4
  • Gaia Arte eszenikoak, Musika, Literatura