Nest film laburrak 2025: izen-ematea

  • Nest film laburrak 2025: izen-ematea

  • Lanak aurkezteko azkeneko eguna uztailaren 2a izango da
  • Hautatutako lanak Nest The Mediapro Studio saria irabazteko lehiatuko dira
  • Movistar Plus+ek eta Tabakalerak ere sariak emango dituzte aurten
  • Zinema ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketaren hogeita laugarren edizioa 2025eko irailaren 22tik 26ra bitartean egingo da

Nest sailak —Donostia Zinemaldiaren zinema-ikasleen film laburren lehiazko saila— izena emateko epea ireki du. Topaketaren hogeita laugarren edizioa irailaren 22tik 26ra bitartean egingo da, eta haren helburua izango da mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea. Hirurogeitik gora ikasle bilduko dira Donostian, eta aukera izango dute film laburren emanaldietan eta Hizketaldiak saileko saioetan parte hartzeko. Zinemari buruzko elkarrizketa sustatzeko sortu zen Zinemaldiko atala, hain zuzen, prestakuntzaren, sormenaren eta industriaren ikuspegitik.

Iazko edizioan hamahiru film labur lehiatu ziren Nest sailean. Munduko 48 herrialdetako 200 eskolatako 428 lan aurkeztu ziren guztira.

Zinema-eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake, Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak, eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko.

Aukeratutako lan guztien artetik saria emango duen epaimahaia hautatutako eskoletako ikasleek osatuko dute, zinemako profesional bat buru dutela. Bada, Nest The Mediapro Studio saria 10.000 eurokoa izango da, eta irabazitako film laburraren zuzendariarentzat izango da. Hirugarren urtea da Studiok Nest-ekin duen lankidetza berritzen duela, nazioarteko talentu sortzaile berriari laguntzeko.

Edizio honetako berrikuntza gisa, bi sari gehiago emango dira lehiaketan: film laburrik onenarentzat Movistar Plus+ saria —alegia, Espainian plataformaren bidez emateko eskubideak erostea—, eta Tabakalera saria, zeinak 2026. urteko hiru asteko egonaldia emango baitu hautatutako zuzendariak hurrengo proiektua gara dezan.

Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 2an amaituko da.

Arautegia

Izena emateko formularioa


Laburrean

  • Epea 2025(e)ko Ekainak 2(e)tik 2025(e)ko Uztailak 2(e)ra
  • EntitateaDonostia Zinemaldia
  • Deialdi-motaSariak eta lehiaketak
  • SektoreaIkus-entzunezkoa
  • JardueraSorkuntza
  • Deialdia OINARRIAK

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.