Cristóbal Balenciaga Museoak "Elkarrizketa baten Sotiltasunak" inauguratu du, Balenciaga Etxeak museo-ingurune batean egiten duen lehen erakusketa
Erakusketak 31 sortze-lan biltzen ditu guztira, Cristóbal Balenciagarenak batzuk eta Demnarenak besteak: moda-etxearen sortzailea lehena, markaren sormen-zuzendaria bestea. Lan horiek arte-objektu gisa aurkezten dira, lan bakoitzaren xehetasunak isolatzen dituen eszenografia batean. Ondorioz, zehatz-mehatz azter daitezke hala estetika nola teknika, Balenciaga Etxearen kode ikonikoak biak ala biak.
Museoak BALENCIAGA etxearekin lankidetzan antolatu du erakusketa hau, aurten, Cristóbal Balenciagaren irudia, modaren historiari egin zizkion ekarpenak, utzi duen legatua eta orain arte izan duen eragina ardatz dituen programazio baten testuinguruan.
Erakusketa hau Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan sortu zen, eta hasiera batean Keringeko egoitzan aurkeztu zen, Parisko Laennec Ospitale historikoan, 2024ko urrian. Orain, Cristóbal Balenciagaren jaioterrira dator, haren ondareari eskainitako museora.
Elkarrizketa baten Sotiltasunak erakusketak iraganaren eta orainaren arteko solas arin eta etengabea proposatuko du 2025eko maiatzaren 23tik 2026ko urtarrilaren 11ra bitarte. Hala, Balenciaga Etxearen bikaintasun tekniko iraunkorraren eta sormen aberatsaren ikuspegi paregabea eskainiko die bisitariei.


