Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, "aisia eta dibertimenduaren bidez" euskararen alde egiten duen ekarpen berritzaileagatik
- Hizkuntzaren biziberritzean ekarpen nabarmena egiten duten herritar eta eragileak aitortzeko sariak 25. edizioa izango du aurtengoa; Foru Aldundiak hainbat ekintza antolatu ditu mugarri hori ospatzeko
Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, "aisia eta dibertimenduaren bidez" euskarari egin dion eta egiten dion ekarpen berritzaileagatik. "Euskararen normalizazioa, kulturaren deszentralizazioa, familia arteko aisialdia eta bertako talentuaren sustapena uztartzen ditu modu berritzaile eta atseginean", nabarmendu du Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, eta modu horretan "euskal hizkuntzaz eta euskaraz sortutako kulturgintzaz gozatzeko parada eskaintzen die" haur, gazte zein helduei.
Iker Galartza eta Joseba Usabiagak gidatzen duten Gure Zirkuari Abadia Saria emateko garaian, "modu eredugarrian elkartasuna, sormena eta inklusioa" landu izana ere kontuan izan du Aldundiak. "Euskarazko zirku bakarra izanik, haurren garapena, komunitatearen kohesioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatu ohi ditu. Gainera, sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskaldunon komunitateari", gehitu du Garbiñe Mendizabalek.


