EGO-k 50 musikari berri aukeratu ditu titular bezala, azken urtetako zenbakirik altuena

  • EGO-k 50 musikari berri aukeratu ditu titular bezala,  azken urtetako zenbakirik altuena

  • Nahiz eta hautatutako gazte gehienek Musikenen eta CSMNn ikasi, nabarmentzekoa da Kontserbatorioetako ikasleen presentziaren gorakada

Ia 160 gazte aurkeztu dira entzunaldietara Euskal Herriko Gazte Orkestrak dituen postuetako bat lortzeko. Izena eman dutenen kopurua aurreko urtekoen antzerakoa da, EGO gazte orkestren artean erreferentziazko formazioa dela berresten duelarik.

Entzunaldiak modu telematikoan gauzatu dira, bideo bidalketaren bitartez, orkestra profesionalen munduan geroz eta egonkortuagoa dagoen tendentzia. Aurkeztutako materiala instrumentu ezberdinetako musikari adituek osatutako epaimahaiak aztertu du eta horiek guztiak, euskal formazio gaztearen zuzendari artistiko den Rubén Gimenoren lidergopean egin dira.

Orkestrako zuzendari artistikoa pozik azaldu da entzunaldietako emaitzekin: "EGOko kide berrien gaztetasuna nabarmendu nahiko nuke; entzunaldiei aurre egin diote orkestra profesionaletan eskatzen denaren pareko errepertorioarekin. Kalitate nabarmena, heldutasun teknikoa nahiz musikala erakutsi dute, eta ezbairik gabe, musika maila goreneko etorkizun oparoa bermatzen duten ezaugarriak dira horiek".

Entzunaldietako hainbat datu esanguratsu

50 gazte aukeratuak izan dira titular eta 38 ordezko bezala. Aukeratuak izan diren gazteen % 65 inguru EAE eta Nafarroako erkidegotik datoz, Musikene eta CSMN izanik ekarpen handiena egiten dituzten ikastetxeak.

Era berean, aurten, Kontserbatorio Profesionaletatik heldu diren eta plaza bat lortu duten gazteen kopurua nabarmendu behar da, handitzen doan zenbakia baita eta zuzendari titularrak adierazi duen bezala heldutasuna eta kalitate goiztiarra erakusten du. Hala, nahiz eta EGOko kide izateko adin-muga 24 urtekoa izan, musikarien batez besteko adina 20 urtekoa da.

Azpimarragarria da, halaber, Hochschule für Musik und Darstellende Kunst Frankfurt, Londoneko Royal College and Music School , Trossingeneko Staatliche Hochschule für Musik Trossingen edota Conservatorium van Amsterdam, besteaz beste, ikasketak egiten ari diren gazteen presentzia.

Aipatzekoa da baita ere erreferentzia diren gazte orkestretan ari diren musikariak, hala nola, Gustav Mahler Youth Orchestra, EUYO, JONDE, eta baita ere dagoeneko orkestra profesionaletan jotzen hasiak diren gazteen presentzia.

Behin entzunaldiak gauzatuta, aurtengo jarduerak buru belarri prestatzen ari ditu EGOko antolakuntzak. Hala nola, hiru topaketa eta izaera ezberdineko hainbat proiektuk osatuko dute aurtengo jarduera nagusia.

Gogora dezagun EGO, Eusko Jaurlaritzaren proiektu kultural estrategikoa dela eta sorreratik, 1997tik hona, BBK, KUTXA eta VITAL Fundazioen babesa jaso duela.


  • DataMaiatzak 14
  • Gaia Musika