Bost jarduerak eta erakusketa ibiltari batek osatuko dute FotoArte 2025eko programazioa
- Erakusketa El Pilar, Salburua, Hegoalde, Zabalgana eta Ibaiondo Gizarte Etxeetatik igaroko da maiatzaren 29tik irailaren 16ra
- Jardueretako bat Arte eta Lanbide Eskolaren ardurapean dago, eta erakunde horrek paper protagonista izan du edizio honetan, 250 urte bete baititu
FotoArteren XX. edizioaren lehiaketa fasea amaitu ondoren, doako bost jarduera eta erakusketa ibiltari bat barne hartzen dituen lehiaketaren programazio osagarria aurkeztu da gaur goizean. "FotoArte argazki lehiaketaren helburua, jarduera artistikoa islatzen duten argazki irudiak saritzeaz gain, argazkilaritza herritarrei hurbiltzea eta esparru horretan sormena sustatzea da. Horretarako, urtero, askotariko eta kalitatezko jardueren programa osagarri bat proposatzen du, eta, horri esker, herritarrek argazkigintzaz ikasi, eta sormena eta originaltasuna sustatu ditzakete beren ekoizpen artistikoan", ziurtatu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Maiatzaren 26an, Arabako Argazkilari Elkarteak FotoArterekin kolaboratuko du, eta Noelia Pérez Sández hitzaldi bat ematera ekarriko du: "Ni querubines ni artistas: el mito del genio y la invisibilización del trabajo colectivo en los talleres fotográficos del siglo XIX". Noelia antropologo bisuala, historialaria eta Institut d´Estudis Fotogràfics de Catalunyako eta Bartzelonako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Ikusizko Arte eta Diseinu Departamentuko irakaslea da. Hitzaldia Vital Fundazioaren aretoan izango da, 19:00etan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.
Hurrengo egunean, hilaren 27an, Noelia Pérez Sándezek "Fotografías que construyen mundos: la foto-elicitación y el arte de dialogar con imágenes" tailer teoriko-praktikoa emango du. Bertan, argazkiek ikerketa antropologikoan ezkutatutako memoriak, narratibak eta esanahiak nola piztu ditzaketen aztertuko da. Metodologia horrek irudiek zenbait testuingurutan erantzun emozionalak eta narratiboak galdera zuzenek baino sakonago gogorarazteko duten gaitasuna lantzen du. Argazkiek estimulu gisa joka dezakete, bestela adierazteko zailak izan daitezkeen pentsamenduak eta oroitzapenak artikulatzen laguntzeko, irudiak neutralak ez direla ulertuta, esanahi kultural, sozial eta pertsonalez beteta daudela baizik. El Pilar gizarte etxean egingo da, 18:00etan, eta beharrezkoa izango da izena ematea.
Maiatzaren 29an sariak banatzeko ekitaldia egingo da, Dorleta Kortazarrek aurkeztuta, El Pilar Gizarte Etxean, 19:00etan. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Hitzordu berean inauguratuko da erakusketa ibiltaria, lehiaketako argazki irabazleekin eta epaimahaiak jasotako argazki guztien artean hautatutako beste 27 argazkirekin.


