Arabako Museoen Sareak zazpi jarduera programatu ditu datorren maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunerako
- "Museoen etorkizuna etengabe aldatzen ari diren komunitateetan" lelopean erakusketak, poesia emanaldia, eskrima historikoaren erakustaldia eta eskulturen bisita gidatua egingo dira
Museoen Nazioarteko Eguna maiatzaren 18an ospatzen da duela 40 urtetik. Helburua da herritarrak museoek duten garrantziaz kontzientziatzea: kultura hartu-emanetarako, kulturak aberasteko, eta herriek elkar uler dezaten, elkarlanean aritu daitezen eta bakean bizi daitezen.
Aurten, nazioarteko leloa "Museoen etorkizuna etengabe aldatzen ari diren komunitateetan" da.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuaren arabera, lelo horrek museoak aurrerapen teknologikoen, gizarte aldaketen eta ingurumen arazoen ondorioz azkar aldatzen ari den gizartera nola egokitu behar diren pentsatzera gonbidatzen gaitu. Asmoa da museoek iraganeko ideiak zaindu eta erakusteaz gain, berritzeko, pertsonak konektatzeko eta kultura bizirik mantentzeko leku garrantzitsuak izatea, mundua etengabe aldatzen ari den bitartean.
Testuinguru horretan, Museoen Foru Sareak hainbat jarduera programatu ditu egun hori ospatzeko, eta maiatzaren 15ean hasiko dira eta 21ean amaituko.


