Sebas Velasco: «Balkanetan, nonahi antzematen da historiaren konplexutasuna»
- Sebas Velasco donostiar margolariak "The morning will change everything" bakarkako erakusketa ikusgai jarri du Sarajevon, Bosnia-Herzegovinako Historia Museoan. Berarekin hitz egin du EITB.eus-ek
Sebas Velasco donostiar margolari eta muralistaren (Burgos, 1988) obra piktorikoa Balkanetako giza eta hiri paisaiek zeharkatzen dute; Gipuzkoako hiriburuan ezarritako artistaren lanek kate sendoak josi dituzte behinolako Jugoslaviako bazterrekin, Velascok duela hamar urte Belgrad eta Sarajevo hiriak ezagutu zituenez geroztik: "Orduan konturatu nintzen leku horietan gauza berezi eta liluragarri bat aurkitzen nuela".
Orain, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko joan-etorriko harreman artistiko horren gailur gisara, Velascok The morning will change everything erakusketa jarri du ikusgai Sarajevon, 1990eko hamarkadako Balkanetako Gerrek dorpeki kamustu zuten aberastasun sozialaren sintesi izan zen hirian.
Bosnia-Herzegovinako Historia Museoa hartzen duen eraikin brutalistaren barruko mihiseetan, Velascok hamar urteko behaketa prozesuaren emaitza bildu du; Grbavica eta Alipašino Polje auzoak eta beste hainbat toki berritzen dituzten irudietan, eremu horretako geografia osatzen duten elementu ikonikoak ageri dira (kotxeak, txandalak, hormigoia, neoizko argiak, etxe multzoek eta belardi zarpailek bat egiten duten ezleku horiek…), baiki, baina baita lausotasun eta atmosfera iradokitzaileagoak ere, modu latentean; badenaren erretratua eta izan daitekeenaren arrastoa, goizak dena alda dezakeen ustean. Velascorekin hitz egin du EITB.eus-ek.
Apirilaren 4an inauguratu zen "The morning will change everything" erakusketa. Nola joan da hasiera eta jarduera paraleloak?
Inaugurazioa primeran joan da. Mila pertsona baino gehiago izan ziren erakusketan...
Esan duzun bezala, koadroez gain, erakusketan Jose Delouren argazki-instalazio bat eta Mario Ilic-en bideo-proiekzio bat ere badaude. Bestalde, hainbat hitzaldi antolatu genituen bertako eta nazioarteko adituekin, eta gitarra klasikoko kontzertu bat.
Hori dela-eta, modu kolektiboan bizi izan dut guztia, eta niretzat oso garrantzitsua izan da, bai maila pertsonalean, bai profesionalean.


