BBK Artearen Ibilbidearen VI. edizioa aurkeztu dute
(Argazki-oina, ezkerretik eskuinera: Nora Sarasola, BBK Banku Fundazioaren Gizarte Ekintzako Zuzendaria; Gorka Martínez, BBK Banku Fundazioaren zuzendari nagusia, Ohorezko Patronoa; José Luis Merino Gorospe, Antzinako Artearen museoko kontserbatzailea; eta Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusia eta Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuko presidentea)
Alde batetik, arteak era guztietako historiak bisualki adierazteko duen gaitasunean eta, bestetik, museoko bildumen aberastasunean oinarrituta, BBK Artearen Ibilbidearen proposamen berriak ibilbide heterogeneo eta askotarikoa eskaintzen du mendebaldeko artean zehar, historian zehar izaera eta jatorri ezberdineko iturri literarioetan inspiratu diren egileekin.
Greziar eta erromatar Antzinatetik datozkigu, hurrenez hurren, Tito Livio eta Ovidioren kontakizunak, Lukrezia nobleari eta Europa printzesari buruzkoak, XVI. mendean Alemaniako Errenazimentuko protagonistetako bat izan zena, Lucas Cranach "Zaharra" eta Martin de Vos flandestarra inspiratu zituztenak. Biek ihes egiten diete gaiaren alderdi labainenei, bi biluzi femenino eder margotzeko. Iraganeko garai batekiko lilura erromantizista Korintoko Apoloren tenpluaren hondakinen bidez ere iristen da guregana; Isabel Baquedanok margotu zuen tenplu hori, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Greziara eta Italiara egindako bidaia baten ondoren, eta Idoia Montónek erliebe asiriar zeremoniala ekarri zuen gogora, artistak 2019ko Kurdistan bisitatu ondoren.
Zalantzarik gabe, historiako libururik hedatuenak, Bibliak, hartzen du edizio honetako hautaketaren zati handi bat, Itun Zahar eta Berriko kontakizun eta protagonisten irudikapenekin: Eva, Francisco Durrioren zeramikazko medailoi ederrean (1908); Noeren kutxa (XIII. mendea), erromaniko katalanekoa; Orazio Gentileschiren Judit eta Holofernes (c. 1605-1612); edo/eta José Echenagusíaren Sanson eta Dalila (1887). Batzuetan, kezka dinastikoak gainditzen dituzte, hala nola lan hauetan: Lot eta bere alabak (c. 1628), hori ere Orazio Gentileschirena; Francisco Gutiérrez Cabelloren Kapritxo arkitektonikoa, Moises uretatik salbatua (c. 1653-1655); eta Mari Puri Herreroren Jakoben ametsa (1982). Beste batzuetan, fede-frogak interpretatzen dituzte, Pedro Orrenteren Isaaken sakrifizioa (c. 1616) eta Domenico Violaren Job eta bere seme-alabak (c. 1650) lanetan gertatzen den bezala.
Bibliarekin batera, kontakizun hagiografikoek ospe handiko pertsonaiak jasotzen dituzte, hala nola Alexandriako Santa Katalina, Sofonisba Anguissolak XVI. mendearen amaieran irudikatua, eta San Sebastian, Andrés Nagelek pop estetikaz betetako collage batean lau mende geroago landua.
Emakume historikoek, Kleopatra edo Joana Arc-ekoa kasu, eta garaikideek ere, Marilyn Monroe aktoreak adibidez, mito kategoria lortu dute, eta, horrela, toki nabarmena dute imajinario kolektiboan eta arte bisualetan.
Literaturari eta libretoei sobera erreparatu die pinturak, eta horrela ulertzen dugu Tristan eta Isolda (Heriotza) mihisea (1910), zeinean Rogelio de Egusquizak Richard Wagner konpositore alemaniarraren obrarekiko miresmena adierazten duen. Era berean, Anselmo Guinea margolari bilbotarra Antonio Trueba bere herrikidearen ipuin ospetsuek islatzen duten mundu atseginaz kutsatu zen bere Idilioa Arratian lanean (1889).
Azkenik, intimitateko kontakizunak ere biltzen ditu ibilbideak. Artistek ni garaikidearen konplexutasuna azaltzen dute, beren irudia argazkien eta ikus-entzunezkoen euskarri gisa erabiliz. Hori da Ana Laura Aláezen eta haren Tximeletak (2004) bideoko bi fotogramen kasua, baita Itziar Okarizen Variation sur la même t’aime (1992) argazkiarena ere.
Seigarren edizio honetan, Historiak leloak hainbat artistaren eta hainbat garai eta teknikatako 38 lanen aukeraketa bideratu du –pintura, collagea, akuarela, eskultura, kartela, argazkigintza eta bideoa–, eta José Luis Merino Gorospe museoko Antzinako Arteko kontserbadorea izan da komisarioa.
La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea
2020az geroztik, La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea museoaren hedapena eta hezkuntza bere egoitzatik harago eramaten ari da, kultura artistikoa sustatzeko eta espazio publikoetan duen ondarearen aberastasuna ezagutarazteko.
Horretarako, edizio bakoitzean, bildumako obrak fideltasun handiz erreproduzitzen dituzten panel batzuez osatutako gailu mugikor berri bati forma ematen zaio. Irudiekin batera, lan bakoitzaren iruzkinak irakur daitezke euskaraz eta gaztelaniaz; eta ingelesezko bertsioarekin ere doan deskargatu daitezke QR kode baten bidez.
Horrez gain, ekimen honek Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak egindako bitartekaritza-programa bat eskaintzen du. Programa horrek bisita komentatuak eskaintzen dizkie ikastetxeei eta kultura-elkarteei, eta erakusketa ikustera hurbiltzen diren pertsonen kontsultei erantzuten die.
Hauek izan dira aurreko bost edizioetako ibilbidearen proposamen tematikoak:
- 2020: Bildumako maisulanak
- 2021: ABC Bilboko Museoaren alfabetoa
- 2022: Emakumeak museoan
- 2023: Bizkaiari begira
- 2024 :Haurtzaroa artean
Aurten ere, BBK Banku Fundazioaren eta udalen laguntzarekin, maiatzaren 6tik (Bilbo) abenduaren 7ra (Durango), Bizkaiko 31 herritan egingo da ibilbidea.
Artisten zerrenda (teknikaren arabera eta ordena kronologikoan)
Margolanak
1. Anonimo katalana, Noeren kutxa, XIII. mendearen azken herena
2. Anonimo aragoiarra, San Antonioren tentaldiak, XV. mendearen azken laurdena
3. Pere Nicolau, Andre Mariaren zazpi bozkarioen erretaula (Deikundea), c. 1398
4. Lucas Cranach “Zaharra”, Lukrezia, 1534
5. Martin de Vos, Europaren bahiketa, c. 1570-1575
6. Sofonisba Anguissola, Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak, 1588
7. Orazio Gentileschi, Judit eta haren neskamea Holofernesen buruarekin, c. 1605-1612
8. Orazio Gentileschi, Lot eta bere alabak, c. 1628
9. Pedro Orrente, Isaaken sakrifizioa, c. 1616
10. Vicente Castelló, Alexandriako Santa Katalinaren martirioa, c. 1617
11. Jacob Jordaens, Satiroa txirula jotzen (Jupiterren haurtzaroa), c. 1639
12. Francisco Gutiérrez Cabello, Kapritxo arkitektonikoa, Moises uretatik salbatua, c. 1653-1655
13. Domenico Piola, Job eta bere seme-alabak, c. 1650
14. Abraham Mignon, Lore girlanda, c. 1675
15. Luis Paret, Maitasunaren garaipena Gerraren aurrean [I], 1784
16. Friedrich Rehberg, Kain c. 1791-1795
17. José Echenagusía, Sanson eta Dalila, 1887
18. Rogelio de Egusquiza, Tristan eta Isolda (Heriotza), 1910
19. Anselmo Guinea, Idilioa Arratian, 1889
20. Julio Romero de Torres, Poesiaren Venus, 1913
21. Isabel Baquedano, Eszena Korintoko Apoloren tenpluan, 1980
22. Mari Puri Herrero, Jakoben ametsa, 1982
23. Juan José Aquerreta, Deikundea, 1979
24. Alberto Rementería, Deikundea, 2006
25. Jesus Mari Lazkano, Gianbolognaren omenez, 1991
26. Idoia Montón, Sakrifizioa II, 2021
Collagea
27. Andrés Nagel, 89019, 1989
Kartelak
28. Dorothea Fischer-Nosbisch, Tentaldia goian bizi da, 1960
29. Eugène Grasset, Joana Arc-ekoa, Sarah Bernhardt, 1890
30. Barbara Baranowska, Possession, 1981
31. Suzan Pitt, Txirula magikoa, 1983
32. April Greiman, Los Angeles Olympic Games, 1984
33. Paula Scher, Veneziako merkataria, 1996
Eskultura
34. Nemesio Mogrobejo, Ugolino, 1908-1909
35. Francisco Durrio, Evaren ametsa, c. 1908
Argazkia eta bideoa
36. Alberto Schommer, Egipto, 2001
37. Itziar Okariz, Variation sur la même t'aime, 1992
38. Ana Laura Aláez, Tximeletak (bi fotograma), 2004
Informazioa eta erreserbak
Tel.: 94 439 61 41 (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara)
Bitartekaritza zerbitzuaren ordutegia
- Maiatzaren 6tik ekainaren 30era
Astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 09:30etik 11:30era
Asteburu eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara
- Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra
Astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 18:30etik 20:30era
Asteburu eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara
- Irailaren 1etik abenduaren 7ra
Astearte, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 09:30etik 11:30era
Asteburu eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara
2025eko ibilbidea
- Bilbo, maiatzak 6-12
- Barakaldo, maiatzak 13-19
- Santurtzi, maiatzak 20-26
- Karrantza, maiatzak 27-ekainak 2
- Gueñes, ekainak 3-9
- Portugalete, ekainak 10-16
- Trapagaran, ekainak 17-23
- Abanto-Zierbena (Las Carreras), ekainak 24-30
- Balmaseda, uztailak 1-7
- Getxo, uztailak 8-14
- Plentzia, uztailak 15-21
- Bermeo, uztailak 22-28
- Mundaka, uztailak 29-abuztuak 4
- Bakio, abuztuak 5-11
- Gorliz, abuztuak 12-18
- Gernika, abuztuak 19-25
- Busturia, abuztuak 26-irailak 1
- Turtzioz, irailak 1-7
- Gamiz-Fika, irailak 8-14
- Sestao, irailak 15-21
- Gordexola, irailak 22-28
- Artea, irailak 29-urriak 5
- Ugao-Miraballes, urriak 6-12
- Etxebarri, urriak 13-19
- Basauri, urriak 20-26
- Amorebieta-Etxano, urriak 27-azaroak 2
- Artzentales, azaroak 3-9
- Sopuerta, azaroak 10-16
- Berriz, azaroak 17-23
- Markina, azaroak 24-30
- Durango, abenduak 1-7


