iCOFF-Gasteizen laugarren edizioa dator eta nobedadeak dakartza, beste sail bat, bat-bateko film laburren maratoia eta euskal film laburren merkatua

  • iCOFF-Gasteizen laugarren edizioa dator eta nobedadeak dakartza, beste sail bat, bat-bateko film laburren maratoia eta euskal film laburren merkatua

  • "Bagare" sail berrian Ofiziala sailean lehiatzen ez diren film labur arabarrak emango dira
  • Aukeratutako lanen artean, film luzeak estreinatu ondoren film laburrera itzuli diren zuzendariak daude, hala nola Mabel Lozano, Javier Fesser, Daniel Sánchez Arévalo, Koldo Almandoz eta Juanjo Giménez Peña Cannesko Zinemaldiko irabazlearen azken lana

ICOFF-GASTEIZ, Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Vital Fundazioa Kulturunera (Bakea kalea 5, 1. solairua) itzuliko da maiatzaren 5etik 10era, laugarren edizioa burutzeko, Vital Fundazioaren eskutik eta Gasteizko Udalaren babesa duela. Ofiziala eta Nazioartekoa atalei Bagare gehitu behar zaie aurten. Azken sail horretan, sail ofizialean sartu ez diren film labur arabarrak emango dira. Halaber, nobedadeen artean, bat-bateko film laburren maratoia eta euskal film laburren merkatua izango dira.

Sonia Pacios eta Kepa Sojo arabar zinemagile eta kultura eragileen zuzendaritzapean, jaialdiak Estatuko film laburren lehiaketa bat eta munduko zinemaldi onenetan eta Espainiako film laburren nazioarteko lehiaketetan saritutako, izendatutako edo parte hartutako formatu txikiko lan zinematografikoen erakustaldia uztartzen ditu. Edizio honetan 915 lan jaso dira, parte hartzeko hautagaiak, eta epaimahaiak dagoeneko aukeratu ditu Ofiziala sailean aurkeztuko diren 30 film laburrak, eta Nazioartekoa sailean erakutsiko direnen aukeraketa amaitzen ari da.

Aurtengo edizioaren xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte Kepa Sojo eta Sonia Pacios jaialdiaren bultzatzaileek: Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Iratxe Fresneda zuzendariak (Errotatiba) eta Katixa De Silva ekoizleak (Locas del ático).

"Ofiziala" saila

Jaialdiaren egitura aurreko edizioetakoaren antzekoa izango da, eta astelehenetik ostiralera, 19:30ean, Ofiziala saileko proiekzioak egingo dira, sortzaileek beren lanak aurkez ditzaten egingo diren solasaldiekin batera. Sail honetako sariak aukeratzeko epaimahaia honako profesionalek osatzen dute: Norma Vila, bere lehenengo film luzea prestatzen ari den zinema zuzendaria; Miguel Parra, zineman espezializatutako kazetaria eta film laburren zuzendaria; eta Gemma Martínez, zinema, antzerki eta telebistako aktore bilbotarra.

Atal honetan ikusi ahal izango diren lanen erdiak emakumeek zuzendu edo ekoitzi dituzte, arduradunek nahiz Vital Fundazioak genero berdintasunaren alde egindako apustuaren ildotik.

Aukeratutako zuzendarien artean, film luzeak estreinatu dituzten eta noizean behin film laburrera itzultzen diren zuzendarien film laburrak daude, hala nola Mabel Lozano, Javier Fesser, Daniel Sánchez Arévalo eta Koldo Almandoz. Juanjo Giménez Peña Cannesko Zinemaldiko irabazlearen azken lana ere bertan izango da, eta animazio sailean, hautatutako bost filmen zuzendariak emakumezkoak dira: Sonia Estévez, Anna Solanas, Begoña Aróstegui, Izibene Oñederra eta aipatutako Mabel Lozano.

Halaber, arabarren presentzia nabarmendu behar da, astelehenetik ostiralera "Ofiziala" saileko atal bakoitzean emango diren bost film laburren eskutik: Elixabet Núñezen A-Maniki, Tamara García Iglesiasen Locas del ático, Aitzol Saratxagaren Ehiza, Sonia Estevezen Plazer bat eta María Algora eta Mikel Bustamanteren Lo que no se ve.

"Bagare" eta "Nazioartekoa" sailak

Laugarren edizio honetan estreinatuko den Bagare sailean, "Ofiziala" sailean lehiatzen ez diren baina gai interesgarriak jorratzen dituzten Arabako film laburrak ikusiko dira, horietako batzuk Gasteizekin edo Lurralde Historikoarekin zerikusia dutenak. Aukera ona izango da sortzaileek jendaurrean aurkez ditzaten. Atal hori maiatzaren 8an izango da, osteguna, 17:00etan, eta sarrera librea izango da.

Azkenik, "Nazioartekoa" nazioarteko atalean, beste lehiaketa handi batzuetan saritutako film laburrak emango dira. Amaiera-ekitaldian izango dira ikusgai, maiatzaren 10ean, 19:30ean, jaialdiari amaiera emateko.

Nobedadeak

Aurtengo nobedadea ICOFF-ARIN atalari hasiera ematea izango da, jaialdian zehar garatuko den bat-bateko film laburren maratoia. Horren emaitzak ostiralean, hilak 9, erakutsiko dira, 17:00etatik aurrera, Vital Fundazioa Kulturunean. Pieza laburrak filmatzeko taldeak izango ditu, eta helburua da ikus-entzunezkoen ikasleek eta formatu txikiko zinemaren munduan interesa duten pertsona guztiek parte hartzea.

Maiatzaren 10ean, beste berrikuntza bat burutuko da, Euskal film laburren merkatua, gure lurraldeko formatu txikiko zinemaren topagune izan nahi duen ekimena. Solasaldiak, mahai-inguruak, networkingak eta emanaldiak izango ditu, eta lehiaketaren azken zatira joango diren gonbidatuak eta profesionalak harremanetan jartzeko balioko du.

Abonuak eta sarrerak

Ofiziala saileko jardunaldi guztietarako abonuak (12 €) eta sarrera solteak (3 €) www.fundacionvital.eus webgunean eros daitezke baita Vital Fundazioaren egoitzan ere (Kordoi Etxea, Aiztogile kalea 24), astelehenetik ostegunera 08:30etik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era, eta ostiralean 08:30etik 14:00etara. Halaber, egun bakoitzeko emanaldietarako sarrerak emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik eskuratu daitezke leihatilan, baldin eta badaude.

Jaialdiari buruzko informazio guztia, www.icoffgasteiz.com webgunean.


  • DataApirilak 25
  • Gaia Ikus-entzunezkoa