Bilboko auzoetan zehar dantza, clown, kale antzerkia, magia, musika eta euskal folklorearen inguruko ehun jarduera baino gehiago egingo dira udaberri honetan
Bilboko Udalak hiriko auzoetako kale eta plazetan egingo diren haibat kultura-jarduera programatuko ditu udaberri honetan. Publiko guztientzat zabalik dauden doako ehun hitzordu baino gehiago aurkezten dira. Jarduera guzti hauek aire zabaleko aisialdirako eskaintza zabala osatzen dute eta bilbotarren artean kultura sustatzeko eta gozatzeko prestatu dira.
Hitzorduak Barruti guztietara iritsiko dira maiatzean eta ekainean, eta hainbat diziplina artistiko bilduko dituzte, hala nola dantza, kaleko antzerkia, euskal folklorea, musika eta clowna. Jarduerak "Udaberriko Bertso Saioak", "Magiaren Topaketak", "Musikauzo", "Bilboko Dantzaguneak Kalera", "Santutxu Kolorea", "Clown Zorrotza", "Dantza Plazetan" eta "Ibaiondo Dantzan" programen barruan biltzen dira.
Era berean, Bertendona institutua eszenatoki izango duen "Musika Dibertigarria da/La música me diverterte" eta "Bilboko Zirkuitua" programak ere gehitu dira.
Programa bakoitzari buruzko informazio zehatza esteka honetan kontsulta daiteke.
Ekimenak datozen asteetan zehar egingo dira, uda hasi arte, orduan hasiko baitira BILBOKO KALEALDIA jaialdia eta udako hilabeteez gozatzeko berariaz diseinatutako programazioa.
Kultura-jarduera Bilboko barruti eta auzo guztietara hurbiltzea da Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoak jasotzen duen helburuetako bat, tokiko artisten talentua sustatzeaz gain. Ideia horiek baliagarriak izan dira udaberri honetan Bilboko plazak eta kaleak kultura-jarduerez beteko dituen udaleko kultura-agenda bultzatzeko.
KALEKO KULTUR-PROGRAMAZIOA
MUSIKA
- MUSIKAUZO. Barruti guztietan. Maiatzaren 11tik ekainaren 28ra
MusikAuzok kontzertu eta kalejira sorta zabala eskaintzen du musika Bilboko auzoetako plaza eta kaleetara eramateko. Estilo anitzeko musikak eta musikariak biltzen dira ekimen honetan, herritarrei gure tokiko taldeen musika-proiektuak erakusteko eta zuzeneko musika bultzatzeko. Kontzertuak hainbat agertokitan egingo dira eta publiko orori zuzenduta daude. Genero ezberdinetako 37 musika-emanaldi programatuta daude 8 barrutietako auzoetan, Bilbotik eta Bizkaitik etorritako artistek eta musika-taldeek eskainiak. - MUSIKA DIBERTIGARRIA DA/LA MÚSICA ME DIVIERTE. Zabalburu (Bertendona Institutua). Maiatzaren 2tik 30era
Kontzertu didaktikoen programa hau musika arloan publiko berriak sortzera bideratuta dago eta emanaldiak eskainiko ditu maiatzaren 2, 9, 16, 23 eta 30ean (ostirala) eta maiatzaren 15ean (osteguna), guztiak Bertendona Institutuan. Sei konpainia eta artistek parte hartzen dute jarduera honetan eta bi emanaldi horiek bereziki haurrei eta familiei zuzenduta daude, horietako bat euskaraz. Maiatzaren 2rako eta 15erako programatutako ikuskizunak sarrera librekoak dira lekua bete arte. Gainerako kontzertuetara joateko 5 euroko sarrera ordaindu beharko da.
ARTE ESZENIKOAK
- BILBOKO ZIRKUITUA. Hainbat Udaltegitan. Maiatzaren 15era arte
Bilboko eta inguruko antzerki taldeen jarduera sustatzen duen programa honek bere proposamenak eskaintzen jarraitzen du maiatzaren 15era arte. Hainbat Udaltegitan doan goza daitezkeen sortzaile berrien eta hiriko antzerki taldeen lan eszenikoak dira. Udal ekimen honen azken hitzorduak Banarte Antzerki Taldeak maiatzaren 8an Begoñako Udaltegian "Cuenta atrás" eta maiatzaren 15ean Errekaldeko Udaltegian "Lear: entre la vida y la muerte" eskainiko dituen ikuskizunekin amaituko dira. - MAGIAREN TOPAKETAK. Otxarkoaga eta Txurdinaga. Maiatzaren 2tik 31ra arte
"Magiaren Topaketak" magia topaketak itzuliko dira, hamaika emanaldirekin, eta magoen tresna gisa, kartei eta karta-sortei buruzko erakusketa bat ere izango da. Maiatza osoan zehar bisitatu ahal izango da Otxarkoagako Udaltegian, 08:30etik 21:00etara.
"Magiaren Topaketak" maiatzaren 31ra arte ospatuko da ohiko egoitzetan, Otxarkoagako Udaltegian eta Txurdinagako Garai Lorategien plazan. Aurtengo programazioak bi erabateko estreinaldi izango ditu: "Kartak eta karta-sortak, tresna magiko erabilienak" erakusketa (maiatzaren 2tik 31ra) eta "Karten eta misterioen artean, bidaia kartomagiko bat" hitzaldi-ikuskizuna (maiatzaren 15ean), biak Otxarkoagan. Gainera, "El loco show" (maiatzaren 9an, udaltegian), "30 años de Struc" (maiatzaren 24an) eta "Don Gelati" (maiatzaren 25ean) ikuskizunak estreinatuko dira Euskadin, biak Txurdinagan. Aurtengo edizioan euskarazko ikuskizunak bitik laura igo dira, bertako mago gazteen parte-hartzeari esker. Guztira, hamabi talde eta mago, horietako lau Bilbokoak eta Bizkaikoak, bost Euskadiko beste leku batzuetakoak eta hiru Estatuko lurraldeetakoak. - CLOWN ZORROTZA. Zorrotza. Maiatzaren 9tik 11ra
Azokako Parkeak "Clown Zorrotza" ren edizio berri bat hartuko du eta doako bost emanaldi eskainiko ditu maiatzaren 9tik 11ra bitartean. Hitzordu guztiak adin guztietako pertsonek haietaz gozatzeko pentsatuta daude, eta bost konpainiak egingo dituzte, horietako bat Bizkaikoa, bat Asturiasekoa, beste bat kataluniarra, bat frantziarra eta bestea Japoniakoa.
DANTZA
- BILBOKO DANTZAGUNEAK KALERA. Abandoibarra, Ingelesen zelaia. Maiatzak 31 eta ekainak 1
Programa honen helburua Bilboko dantza eta balet akademien lana jendartean zabaltzea da, herritarrek Bilboko akademia eta dantza eskoletako ikasleek biltzen duten talentuaz goza dezaten. Publikoak egitarau zabala izango du, hamasei emanaldirekin, hainbat diziplina eta estilo uztartuz. - IBAIONDO DANTZAN. Miribilla. Ekainak 20 eta 21
Programa hau Miribilla auzoko Gernikako Lorategi Plazan garatzen da eta Euskadi, Galizia eta Madrildik etorritako sei dantza-konpainiaren proposamenen berri ematen du. Bere asmoa bilbotar artean dantza garaikidea sustatzea eta ezagutaraztea da. Aurten programak lau emanaldi eskainiko ditu bi egunetan zehar.
FOLKLOREA
- UDABERRIKO BERTSO SAIOAK. Santutxu. Maiatzak 10, 17, 24 eta 30
Bertsolaritzako ordezkari garrantzitsuek euren talentua erakutsiko dute Santutxuko Karmelo Plazan. 14 bertsolarik hartuko dute parte, besteak beste, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Oihana Bartra eta Amets Arzallus bertsolariek. Saio hau Santutxuko Bertso Eskolarekin batera antolatuko da eta euskaltzaleen topaleku izango da. Lehenengo hiru egunetan programatutako emanaldiez gain, maiatzaren 30ean Karmelo Plaza inguruko kaleetan zehar ohiko bertso poteoaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. - SANTUTXU KOLOREA. Santutxu. Ekainaren 6tik 8ra
Euskal folklorea sustatzeko programa hau Gaztedi Dantzari Taldearekin batera antolatzen da. Bertan, dantza garaikidea, dantzekin eta euskal musika tradizionalarekin konbinatzen da. Agertoki nagusia Karmelo Plazan izango da eta hamabi konpainiak hartuko dute parte, horietako zazpi Bilbokoak eta Bizkaikoak, beste bost Euskadikoak. Guztira, zortzi emanaldi izango dira, dantza, musika eta antzerkia uztartuz. - DANTZA PLAZETAN. Barrutietan. Ekainaren 28ra arte
Dantza Plazetan Bilbon tradizio handiena duen kultur programetako bat da eta urte osoan zehar euskal dantzak hiriko txoko guztietara hurbiltzea du helburu. Maiatzean eta ekainean hainbat jarduera daude programatuta, ia guztiak asteburuetan, eta ostegunean, maiatzaren 1ean (jaieguna) Elorrietan, ekainaren 23an (San Juan), astelehena, hainbat auzotan eta ekainaren 26an, osteguna, Deustuko Erriberan egingo direnak.


